Baserri giroa kalera

Barren.eus 2017ko abu. 26a, 15:51

San Bartolome jaiak aurrera doaz eta Baserritarren Egunean ere nekazari giroa kalera iritsi da jai giroarekin bat eginez. (Argazki bilduma dauka)

Goizean trikitilariekin eta aurreskuarekin ongi etorria egin diete Limusin arrazako ganadu lehiaketan parte hartu duten abeltzainei eta ganadua ikusgai izan da epaileak irabazleak aukeratzeko, baita baserritarrek begiratzeko ere. Behietan txapeldunen txapelduna Oiartzungo Lete baserriko Mimosa behia izan da; Idiskoetan Azkoitiko Primietxeberri baserriko Lukas eta ustiategi hori izan da guztietan txapelduna ere.

Bien bitartean Kalegoen plazan sagardo lehiaketa egin dute eta Petritegi sagardotegia izan da irabazle. Kalebarren plazan egindako gazta lehiaketan, berriz, Mausitxako gazta izan da irabazle.

Kale kantariek eta bertsolariek ere girotu dituzte kaleak goizean.

Arratsalderako harri-jasotze txapelketa, Walkman Ganso & Ciaren eskutik kale ikuskizuna eta umeentzako zumba daude iragarrita eta gauerako, berriz, kintopeko idi-probak eta disko festa.