San Barlome Egunez musika eta dantza nagusi

Barren.eus 2017ko abu. 24a, 14:55

Txupinazoaren ostean jai giroak hartu du jadanik elgoibar eta santuaren omeneko eguna da gaurkoa. Musika, dantza, jolas, kirol eta antzerkiaz gozatuko dute elgoibartarrek egun osoan barrena. (Argazkiak dauzka)

San Bartolome Eguna musika doinuek esnatu dute, dultzaineroen, txistularien eta musika bandaren dianak entzun baitira herriko kaleetan. San Bartolomeren irudiarekin prozesioa egin dute hainbat Udal ordezkari atzetik zirela. Meza nagusiaren ondoren, soka-dantzak hartu du plaza eta Udal korporazioa ere bertan izan da. Jose Inazio Sarasua zenaren omenez, minutu bateko isilunea egin eta txistularien aldamenean bere txistu eta danbolina zeudela musika jarri diete hauek Haritz taldeko dantzariei. Aurtengo soka-dantzak kolore zuri-gorria izan du, horrela jantzi baitira dantzari guztiak, neska zein mutil. Bestalde, loraz apaindutako arkuak ere atera dituzte aintzinako argazki bat irudikatuz. Dantzariei begira izan direnetariko asko bandaren doinuak entzutera joan dira gero eliza atarira.

Arratsaldean, etxeko txikienek izango dute zerekin gozatua, haur parkea, quad-ak eta erraldoi, buruhandi eta zezen-zikletak izango baitira. Kirol zaleentzat pilota partidak ere badaude: Olaizola II-Beroiz eta Irribarria-Merino II bikoteak arituko dira Ikastolako frontoian. Iluntze eta gauerako Vaiven circo taldearen ikuskizuna eta Gozategiren kontzertua.