Jaien usaina Gune Asketik

Barren.eus 2017ko abu. 22a, 20:15

San Bartolome bezpera eguaztenean izan arren, martitzenetik sumatu da jai usaina Gune Askean. Erreka garbiketa, bazkaria, bertso saioa eta kontzertua izan dira. (Argazkiak dauzka)

Goizean goiz, Maalan gosaldu eta Haritz Arrieta, Ander Izagirre eta Pedro Barrenetxeari erreka garbiketari, landare inbaditzaileei eta ur azterketari buruzko azalpenak entzun ondoren, hainbat neska-mutil Deba ibaira sartu dira garbiketa lanetara. Maalatik Kalegoen plazara bitartean askotariko zaborrak hondakinak aurkitu dituzte uretan: burdinezko piezak, latak, botilak, edalontziak, plastikoak, patinete bat, baloiak, tenis pilotakā€¦ Garbiketa amaieran uraren kutsadura ere neurtu dute. Errekako ura hartuz gero baliteke kutsadura hain handia ez izatea emaitzetan, baina errekara ura botatzen duten hodietako uraren kutsadura maila altua dela ikusi dute. (Argazkietariko batzuk Maalako Jai Batzordearenak dira).

Errekan lanean ibili ondoren, bazkaritara joan dira batzuk Maalara eta jatorduan beste hainbat lagun ere elkartu zaizkie. Bazkalostea girotzeko, Ez da kasualitatea bertso-musikatu saioa izan da eta bazkaritan egondakoez gain, gerturatu dira beste hainbat herritar ere. Askotariko gaiei buruz aritu dira bertsotan Uxue Alberdi, Ane Labaka, Miren Amuriza eta Onintza Enbeita, Maider Arregiren esanetara. Besteak beste, jaiak eta feminismoa izan dituzte kantugai.

Jaitarako protokolo feminista aurkeztu dute gero herriko hainbat neskak hitzez ez ezik antzeztuz eta txistu zein dabor hotsez ere. Jaietan eraso sexistarik egonez gero jarraitu beharreko pausuak azaldu dituzte eta besteak beste jakinarazi dute erasoren bat pairatu edo ikusiz gero besoko moredun hainbat lagun ibiliko direla jaietan eta haiengana jotzeko.

Jaietara gerturatu ahala gauerako ere Jon Basagurenen kontzertua bada Gaztetxean.