Santana jaiak ospatuko dituzte Mendaron zapatutik eguaztenera bitartean

Barren.eus 2017ko uzt. 21a, 10:04

Koadrilen egunarekin hasiko dituzte uztailaren 22an, zapatuan, aurtengo Santana jaiak Mendaron. Goizeko salbearen ostean, 12:30ean udaletxeko balkoitik botako dute txupinazoa Gazte Asanbladakoek. Katasorgina jaitsiko da gero eta Bizi Poza txarangakoen doinuek martxan jarriko dute bost egunez herria hartuko duen jai giroa.

Gainean dira santanak. Zapatuan, 11:30ean salbea egingo dute Garagartzako elizan udaletxetik hara Mendaroko txistulariekin joan ondoren. Ofizialki, baina, udaletxeko balkoitik botako duten txupinazoarekin hasiko dira jaiak, 12:30ean. Gazte Asanbladari eman diote aurten jaiak ofizialki hasteko ardura. Txupinazoaren ostean, Katasorginaren jaitsiera egingo dute eta Bizi Poza txarangaren doinuek hartuko dute gero herria.

mendaro santanak katasorgina 2016• Ia 400 lagun herri bazkarian
Zapatua bera izango da jaietako egun nagusi bihurtu den Koadrilen Eguna. Koadrilak elkarren arteko lehian arituko dira paellak prestatzen, goitibehera txapelketan eta playback lehiaketan. Lehia bai, baina guztiek elkarrekin bazkalduko dute herri bazkarian. Aurtengorako sekula baino jende gehiagok eman du izena, 390 lagunek hain zuzen ere. Gaueko kontzerturako ere izango da gogoz zain egongo denik. Izan ere, hogei urteko etenaren ondoren, Ehun Kilo taldea berriz bueltatu da taula gainera (ikus Jon Zabala taldeko abeslariak BARRENi eskainitako elkarrizketa) eta horietako kontzertu bat Mendaron egingo du Anestesia eta Kraussk taldeekin batera.
Askotariko ekitaldiak izango dira jaietan Mendaron. Besteak beste Jubilatuen egunerako Alurr taldearen dantza ikuskizuna, A cal y canto Trapu Zaharrak konpainiaren antzezlana eta Energy orkestra. Umeen egunerako Eidabe konpainiaren Txapela buruan eta dantza munduak ikuskizuna eta jendea gogoz itxaroten ari den Huntza taldearen kontzertua. Santio egunean Voces Ribera taldearen emanaldia eta Akerbeltz taldearen gazteentzako ikuskizuna eta Joselu anaiak Santana egunerako.
Koadrilen egunean jai giroari heldu eta uztailaren 26ra arte eutsiko diete mendaroarrek eta festetara gerturatzen direnek santanei.

 

∞ Lotura duten albisteak: