Mendaroko Trinitate jaiak, iruditan

Barren.eus 2017ko eka. 13a, 11:58

Trinitate Txiki Egunarekin agurtu zituzten Trinitate jaiak Mendaron. Astelehen goizean Trinidadeko baselizan egin zuten Meza Santua berezia izan zen gainera. Ramon Lazkano mendaroarrak egin zituen monagillo lanak, duela 55 urte azkenengoz egin zuen moduan.

Angel Bazterretxea abadearen ordezko diakonoak lan kontuegatik meza eman ezin zuela-eta, Irungo parroko Juan Iguiñizek eta Irungo beste apaiz batek eman zuten meza, atzo, Trinidadeko baselizan. Bi apaizok orain dela hamabost egun batu ziren Ramon Lazkano mendaroarrarekin Irunen, bazkari baten bueltan. Lazkanok esan zien Trinitate Txiki Egunean meza emateko abadea falta zutela, eta beraiei eskatu zien egun horretako meza emateko. Iguiñizek baiezkoa eman zion, baina baldintza batekin, berak, Ramon Lazkanok, egin beharko zituela meza-mutil lanak. Izan ere, 1960tik 1962ra bitartean lau lagunek egiten zituzten meza-laguntzaile lanak Mendaron, mojetan: Ramon Lazkanoz gain, beste hiru hauek: Jose Luis Eizagirre, Modesto Oliden eta Jose Zuloaga. Juan Iguiñiz bera kapilau izan zen urte horietan Mendaron, eta ordudanik ezagutzen dute elkar Lazkanok eta Iguiñizek. Mendaron kapilau izan ostean, Caracasera (Venezuela) joan zen Iguiñiz, eta 26 urte egin zituen han, misiolari. Gero, beste 26 urte eman ditu Irungo Larreaundi auzoko elizan, apaiz lanetan.
1962. urteaz geroztik elkar ikusi gabe egon ostean, Ramon Lazkanok eta Juan Iguiñizek duela hiru urte egin zuten topo berriz, kasualitatez, Irunen. Harreman estua izan dute harrezgero. Hala, Irungo apaizok azken bi urteetan ere etorri dira Mendarora, Trinitate jaietan meza ematera.

•Bertso jaialdia
Atzoko meza eman ostean, Angel Bazterretxearen etxera joan ziren bisita egitera eta Ramon Lazkanoren txokora (Gaupasa) joan ziren gero denak bazkaltzera.

Mezaz gainera, ekitaldi gehiago ere izan ziren atzo Mendaron. Ohi duten legez, Ikastolako haurrek bertso saioa eskaini zuten, Laja eta larrañagaren trikiti soinuek lagunduta. Gero, herri bazkaria egin zuten Toki Alai jatetxean, eta herri afaria gauean Aizpe elkartean.

trinitateak mendaro herri kirolak

trinitateak mendaro bertsoak