Trinitate festak, iruditan

Barren.eus 2017ko eka. 12a, 13:18

Trinitate festak joan dira Elgoibarren. Mendaron, berriz, Trinitate Eguna ospatzen dihardute gaur. Asteburuko ekintzei ateratako argaziekin trinitateetako argazki-bilduma osatu dugu.

Dantzan hasi zituzten Elgoibarren Trinitate jaiak barixakuan, Errebal taldeak Maalan eskaini zuen erromeria gidatuarekin. Jokin Otamendi Errebal taldeko dantza-maisuak gidatuta, Euskal Herriko eta Europako dantzak tartekatu zituzten errepertorioan. Zapatu goizean, berriz, Elgoibarko baserrietako produktuak erosi eta dastatzeko aukera izan zen Trinitateetako 16. Azoka Berezian. Ganadu azokan ere herriko baserrietako abereak izan ziren protagonistak.
Gauean danbor hotsek jarri zioten soinu banda trinitateei. Atabal elkarteak antolatzen duen danborrada C.D. Elgoibarren mendeurrenari  eskainia egon da aurten. Hala, Txomin Mujikak C.D. Elgoibarren mendeurrenaren harira sortutako martxa jo zuten danborrekin eta barrilekin, Udal Musika Basndaren laguntzaz. Horrez gain, omenaldi hunkigarria eskaini zieten iaz hil zen Mikel De Pablori eta aurten zendu den Fran Salazarri.
Domeka goizean gaueko doinu berberak entzun ziren herriko kaleetan, baina Inazio Bereziartua musika eta dantza eskolako ikasleek sortuak oraingoan. Umeen danborradak ere kalejiran gurutzatu zituen herriko kaleak, Minions pertsonaiez osatutako karroza eta guzti.

 

∞ Lotura duten albisteak: