Txiki Eguna abuztuaren 25ean mantentzeko sinadura bilketa hasi dute Change.org-en

Barren.eus 2017ko api. 27a, 13:23

Elgoibarko Udalak aurtengo Txiki Eguna abuztuaren 28an ospatzea erabaki du, hilaren 25a ostirala delako, eta bestela Gazteen Eguna irailaren 1era atzeratu beharko litzatekeelako. Erabaki hori ez da herritar denen gustukoa izan, eta herritar talde batek sinadura bilketa hasi du Change.org plataformaren bitartez, Txiki Eguna hilaren 25ean mantentzeko.

Change.org plataforman abiatu duten sinadura bilketan azaltzen dutenez, Txiki Eguna beti ospatu izan da abuztuaren 25ean, asteburua jausten denean izan ezik. Aurten ostirala izanik, tradizioari eutsi behar zaiola uste dute ekimenaren sustatzaileek. "Txiki Eguna beti 25ean izan da eta horrela izaten jarraitzea nahiko genuke, gazteen eguna edozein egun izan daitekelakoan, edo ostiralak bakarrik dira gazteen eguna?", diote.
Dagoeneko 225 sinadura baino gehiago bildu dituzte.