La Lezeko gaztak, Txillarreko barazkiek eta Sagarmiñako frutek irabazi dituzte Gabon Zahar Feriako sari nagusiak

Barren.eus 2016ko abe. 31a, 17:22

La Lezek (Ilarduia, Araba) aurkeztutako gaztak irabazi du Urteko gazta txapelketako lehen saria, 2013an lortu zuen garaipena errepikatuz. Barazki eta fruta alorrean, Txillarreko Peio Rubio eta Mutrikuko Sagarmiña izan dira onenak, beste behin ere.

Gaur Elgoibarren egin den Gabon Zahar Feriara hurbildu diren lagunek bertako produktuak ikusi eta erosteko aukera zabala izan dute ferian jarri dituzten 130 postuetan. Kalegoen plazan barazki eta fruten 21 postu izan dira. Pastelak, ogiak, karakolak, lokoreak, sagardoa, txokolatea, olioa, kontserbak eta antzerako produktuak saldu dituzte Plaza Txikian egon diren 28 postuetan. Elizpean egon diren 23 postuetan, berriz, gazta, eztia, mermeladak eta ukenduak. Aipaturikoez gainera, herriko beste hainbat txokotan ere izan dira postuak. Pintxoak eta taloak jateko postuak ere aukeran izan dira han eta hemen. Animaliarik ere ez da falta izan, eta aurten, estreinakoz, herriko artisauek ere jarri dituzte postuak Maalako parkean. 
• La Lezeko gazta urteko onena, bigarrengoz
Gabon Zahar feriako ekimenik esanguratsuenetarikoa da Gazta Lehiaketa. Aurten ere, bederatzigarren urtez, gaztagilerik onenak izan dira Elgoibarren, nor baino nor, 2016ko gazta onenaren saria eskuratzeko helburuarekin. Bederatzi gaztagilek aurkeztutako gaztak epaitu ditu epaimahiak, eta, 2013. urteko Gabon Zahar Feria egunean gertatu zen moduan, Arabako Ilarduia herriko La Leze gaztandegiak irabazi du lehiaketa. 1.500 euroko saria, txapela eta garaikurra jaso dituzte La Leze gaztandegiko Jose Mari Jauregik eta Eli Gorrotxategik.

• Txillarre eta Sagarmiña protagnista, beste behin ere
Fruta alorrean, Mutrikuko Sagarmiñak lortu du fruta alorreko saria. Sagarmiñak, gainera, saltoki onenaren saria ere jaso du. Aurreko urteetan ere behin baino gehiagotan lortu du Sagarmiñak "dobletea", bi sariok eskuratzea, alegia. Beste horrenbeste esan daiteke barazki alorreko irabazleaz, Txillarreko Peio Rubioz. Etxean geratu da, beste behin ere, barazkien saria. Saria jaso ostean, baserritarrek ekoitzitako produktuak kontsumitseko eskatu die Rubiok pleno aretoan bildutakoei. "Basarriak eta baserritarrek biziraun izateko ezinbestekoa da baserrietan ekoitzitakoa kontsumitzea", esan du.
Nabarmentzekoa da Elgoibarko Antxola baserriko Andres Badiola Arakistainek lortutako errekonozimendua, mendiak ondoen zaindu dituen baserriaren saria eskuratu baitu.

Lehiaketetako sari banaketa hasi baino lehenago, joan den azaroan zendu zen Juan Mari Narbaiza bertsolari eibartarra omendu du Elgoibarko Udalak. Elgoibarko alkate Ane Beitiaren eskutik jaso du oroigarria Juan Mariren seme Unaik

gabon zahar feria elgoiba kalegoen