Jaiak

barren.eus-logoa

Tokikom

 

 
 

gabonzahar feria elgoibar aurk 01Elgoibarko Gabon Zahar Feriarako prestatu duten egitaraua aurkeztu du Elgoibarko Udalak, eta baita feria egunean egingo duten 2016. Urteko Gazta Txapelduna lehiaketa ere. Bederatzi gaztagilek hartuko dute parte aurtengoan, tartean Elgoibarko Mausitxa gaztandegiak, iazko irabazleak.

Aurtengo Gabon Zaharretako Feria gainera, egun berezia izango da, urteko azken zapatua ez ezik, 2016ko azken eguna ere badelako. Elgoibarko Alkate den Ane Beitiak, kultura zinegotzi Andrea Arriolak, landa arloko zinegotzi arduradun Joseba Arrizabalagak, Kalamua Elkarteko German Telleriak eta Udaleko Kultura teknikari Blanca Salegik, feria eguneko egitaraua aurkeztu dute Elgoibarko udaletxean egin duten prentsaurreko agerraldian.

•Elgoibarko artisauak Maalan
Guztira, ehun saltokitik gora jarriko dira bertako produktuak erakutsi eta saltzeko. “Urtero bezala, herriko eta inguruetako baserritarrek eta abeltzainek egiten duten lan nekaezinaren erakusgai izango dira bertan ikusi eta eskuratu ahal izango diren barazkiak, fruituak, loreak, eztia, gozokiak, ogia, gazta…Horiexek dira feria egun honi erakargarritasuna eta kolorea ematen diotenak”, azaldu du Ane Beitiak. Nobedade gisa, aurten Elgoibarko artisauak izango dira Maalako parkean.
Herritar guztiei eta inguruko herrietatik Elgoibarrera etorriko direnei ere, ferian parte hartzeko gonbidapena luzatu die alkateak, “guretzat hain berezia den ekitaldi honetaz, giro jatorrean, gozatzera hurbildu daitezen”.

•2016ko Gazta Lehiaketa
Gazta Lehiaketa Gabon Zahar feriako ekimenik esanguratsuenetarikoa da. Aurten ere, bederatzigarren urtez, gaztagilerik onenak izango dira Elgoibarren, nor baino nor, 2016ko gazta onenaren saria eskuratzeko helburuarekin. Iaz etxean geratu zen saria, Mausitxak irabazi zuen-eta. Aurten ere izango du berriz irabazteko aukera, Bilbo eta Plentziako gazta lehiaketak irabazi ostean lortu baitu Elgoibarko txapelketan egoteko txartela. Aurrenekoz egongo ez dena Ricardo Remiro Eulateko artzaia da, aurten ez baitu lehiaketarik irabazi. Remirok birritan irabazi du Urteko Gazta Txapeldunaren saria Elgoibarren. Aiako Jose Luis Odriozola gaztagilearentzat, aldiz, Elgoibarren parte hartuko duen estreinako aldia izango da.
Aurtengo gazta txapelduna aukeratzeko lehiaketa, Kalamua Elkarteak antolatuta, 12:00etatik aurrera jarriko da martxan Udaletxean, Ziarda, Mañukorta eta Meabebasterretxea bertsolarien partaidetzarekin. 13:30etan, Udaletxeko Areto Nagusian, fruta, barazki eta gazta lehiaketaren sari banaketari ekingo zaio. Gazta Txapelketako irabazleak, 1.500 euroko saria, txapela eta garaikurra eskuratuko ditu.
Iaz bezala, Gazta Txapelketa zuzenean jarraitzeko asmoa duten pertsonek, streaming bidez ikusteko aukera izango dute, 12:00etatik 14:00etara.
Gazta lehiaketako partaideak:

  • Aizpea (Olaberria)
  • La Leze (Ilarduia)
  • Jesus Mari Ansola-Mausitxa (Elgoibar)
  • Joseba Insausti (Ordizia)
  • Patxi Lopez Uralde (Larrea)
  • Emilia Arana (Zeanuri)
  • Azkarra (Galarreta)
  • Mari Mar Castro (Abarzuza)
  • Jose Luis Odriozola (Aia)

gabonzaharferia gazta garaikurra elgoibar

urtekogazta mausitxa elgoibar txapeldun 2015

 

 

 

Elgoibarko Izarra

elgoibarkoizarra-logoa-irudia

Gida komertziala

Gida komertziala 2018

Bideoak

Barren astekaria

ePosta harpidetza