Bukatu dira aurtengo inauteriak

Barren.eus 2015ko ots. 17a, 09:20

Ijito taldea -ahuntz eta guzti-, soldadu karlistak, San Fermin zaleak, Heidi eta bere lagun guztiak, Parisko Moulin Rougetik etorritako dantzariak, astronautak, Torrente, Llongueras eta bere troupea, elgoibartar ezagunen berdin-berdinak ziren lagunak... era guztietako mozorroak ikusi ahal izan ziren zapatuan Elgoibarko eta Mendaroko kaleetan (ikusi goiko bideoan). Jai berezi hauek, baina, azken txanpara iritsi dira, eta gaur (otsailak 17) agurtuko ditugu inauteriak.

 Zapatua eta martitzena dira inauterietako egun handiak gurean. Iaz gertatu zen modu bertsuan, mozorro-zaleek euripean ospatu dituzte jaiak aurten. Euriak ez zuen etenik izan zapatuan eta, eguraldi iragarpenen arabera, gaur ere bide beretik jarraituko duela dirudi.
Mozorroen elkartzearekin hasiko dira gaurko prestatutako ekintzak Elgoibarren. 16:30ean izango da Kalegoen plazan. Ondoren, Xixilipurdi ikuskizuna izango da, eta 18:15ak aldera kalejiran irtengo dira Mauxitxa txarangakoak, erraldoi, buruhandi eta zezenzikletek lagunduta. Euria egiten badu Maalako parkean izango da. Jubilatuen Egoitzan, berriz, dantzaldia egingo dute Gelatxo orkestrarekin, 18:00etatik 21:00ak bitartean. Mozorro lehiaketa ere izango dute, eta bi sari banatuko dituzte ondoen mozorrotuta daudenen artean.
Mendaron, berriz, Patxin eta Potxin pailazoen ikuskizuna antolatu dute eta 17.30ean hasiko da.

Zapatuko argazki bilduma: