San Antolin jaietako dema eta lehietako emaitzak

Barren.eus 2016ko ira. 8a, 10:38

Giro onean ospatu dituzte San Antolin jaiak Arriaga auzoan. Ekintzaz beteriko asteburua antolatu zuten, eta jokoa eta jolasa uztartu zituzten aurten ere. Hona hemen emaitzak.

Joan den barixakuan jokatu zen XI. Txapel Jaurtiketan Iñigo Astigarraga eta Sonia Seco izan ziren irabazleak eta IX. Oliba Jaurtiketa lehiaketan, berriz, Iñigo Anton eta Nagore Hurtado izan ziren oliba hezurra ahoarekin urrutien jaurti zituztenak.
Zapatuan Talde Desafioaren hirugarren edizioa egin zuten eta Eibarko Santa Kurutz taldea gailendu zen. 250 euro eta afaria jaso zituzten saritzat.
Auzoko zazpigarren Mus txapelketan Jon eta Benito izan ziren irabazleak eta Futbolin txapelketan Xabi Palaziok eta Iñigo Astigarragak osatutako bikotea izan zen onena.
Patata tortillla lehiaketaren zortzigarren edizioa ere egin zuten, eta epaimahaiak Anton Mari “Malleibar” eta Iñigo “Karkizao”k aurkeztutako tortillari eman zion lehen saria.
Azkenik, Dantza Txapelketan Garazi Arruabarrena eta Maialen Telleria izan ziren dantzaririk onenak epaimahaiko kideen iritziz.
Demez gainera, umeentzako puzgarriak izan dira aurtengo berrikuntza San Antolin jaietan eta bazkariek eta afariek ere arrakasta izan dute. Hala, paella janean 50 lagun batu ziren, 100 lagun barixakuan egin zuten bertso-txiste afarian, eta 150 lagun zapatuko afarian. Kaxeta elkartekoek jaiak antolatzen lagundu dieten lagunak eskertu dituzte. “Eskerrak eman nahi dizkiegu Elgoibarko ezker abertzaleari, elustondori, beristaini, Elgoibarko Udalari eta Zahatzu harategiari”.

•Errifetako zenbaki sarituak
Honakoak izan dira zozketako zenbaki sarituak:

  • Lehen Sariko (Kanariar Uharteetara bi lagunentzako bidaia) zenbaki saritua: 0737 (erreserbaki zenbakia 2356).
  • Bigarren Sariko (janariz eta edariz betetako gurdia) zenbaki saritua: 3096. Olatz Astigarraga (beheko argazkian) izan da saritua. 

san antolin arriaga elgoibar orgatila