Haur eta Jubilatuen Egunarekin agur jaiei

Barren.eus 2016ko abu. 28a, 21:17

Sanbartolome jaiek agur esan dute datorren urtera arte haur eta jubilatuentzako ekintzak nagusi izan diren egunean. Azken sokamuturran aske gelditu den soka berriz hartu beharko da muturretik 2017an jaiei berriz heltzeko.

 Goizean goizeko sokamuturraren ostean, umeek ere izan dute zezentxoen aurrean ibiltzeko aukera entzierroan eta Aita Agirre plazan gero. Ondoren, batzuek hegaluzea probatzen zuten bitartean lehiaketarako marrazkiak egiten ari ziren ume asko eta gero bazkaria ere izan dute haurrek elizako arkupeetan. Bazkaldutakoa jolas parkean erre dute eta batzuek Slide txirristada luzean ibiltzen ere ausartu dira arratsaldean.

 Umeak ez dira izan, ordea, egun honetan gozatu duten bakarrak. Izan ere, jubilatuak pozik egon dira bazkaltzen kiroldegian eta baita ondorengo dantzaldian ere.

 Helduan haiek eta soltean lehiaketara aurkeztu diren bikoteak. Umeek eguna amaitzeko Kantu Kolore ikuskizunarekin izan dute dantza eta kanturako aukera, ez ordea aurretik erraldoi, zezenzikleta eta buruhandiekin ibili gabe, Mauxitxa txaranga lagun zutela.

 Beraz, datorren urtera arte agur sanbartolomeei.