San Bartolome eguna ospatzen ari dira gaur elgoibartarrak

Barren.eus 2016ko abu. 24a, 10:24

Herritarrak dotore jantzita irten dira kalera goizean goizetik, San Bartolome Eguna ospatzeko. Dultzaineroen kalejirarekin esnatu dira gaur elgoibartarrak, eta ondoren, txistularien eta Udal Musika Bandaren doinuek alaitu dituzte herriko kaleak. Zaindariaren prozesioaren ostean, Meza Nagusira joan dira eta han Haritz dantzari taldeko ezpata txikien dantzaldiaz gozatzeko aukera izan dute herritarrek. Meza ostean, Haritz Dantza taldeak soka-dantza egingo du, eta aurten gainera, berrikuntzak iragarri dituzte. Genero berdintasuna lantzen dihardute taldean, eta aurten estreinakoz neskek aterako dute soka. Maialen Astigarraga eta Amaia Loiola izango dira aurresku eta atzeskua. Soka-dantzaren ostean Udal Musika Bandak kontzertua eskainiko du.