San Bartolome bezperan jaiak ofizialki abian

Barren.eus 2016ko abu. 23a, 15:31

Bizikleta gaineko bertso poteoarekin hasi zituzten atzo gazteek jaiak eta gaur ere bizikleta gainean hasi dira ofizialki sanbartolomeak. Etxaniz memorialean aritu dira txirrindulari gazteak nor baino nor. Bizikleten gurpilei elizako kanpandorreko erloju borobilak hartu dio lekukoa eta 13:00ean puntuan bota dute txupinazoa elizako kanpai doinuekin batera. Txaranga doinuak gailendu zaizkie kanpaienei eta kalez kale ibili dira gaztetxoak atzetik zituztela. 15:00etan ohitura zaharrari jarraituz beste txupinazo bat egon da dultzaineroen soinuz lagunduta. Ordu berean bazkaria Maalan eta kantaldia ondoren. Arratsaldean umeendako jolasak, berriz Mauxitxa txaranga, Salbea eta iluntze-gauean musika. Argazki albuma

Goizean goiz abiatu dira txirrindulariak Kalegoen plazatik Lehendakari Txapelketako proban eta helmugara iristen lehena Ampo taldeko Julen Irizar izan da; bigarrena Lizarteko Dzmitry Zhyhunou; eta hirugarrena Fundacion Euskadiko Oscar Gonzalez del Campo. Proban elgoibartar batek hartu du parte eta hark ere helmugara iritsita jaso du saria.

Udaletxe azpian izan da sari banaketa eta hura amaitzerako jendea plazara gerturatu da. Udaletxeko balkoira batzuk eta azpira besteak. Aurten, San Bartolome parrokiaren 300. urteurrena izanik, batzordeko hainbat lagun izan dira udaletxean. Benantzio Otaegi parrokoak jai zoriontsuak opatuz hitz egin die herritarrei eta Gloria Arriolak piztu du suziria, Ane Beitia alkateak, berriz, Elgoibarko bandera jarri du ikusgai balkoian.

Mauxitxa txarangak ere hasi du jaietako bere ibilbidea eta honen atzetik, blai eginda, joan dira makina bat gazte Kalegoen plazatik Maalara arte eta handik berriz plazara iristeko.

15:00etan Giza Eskubideen parkean beste txupinazo bat egin dute. Aurten Aitor Novak piztu ditu hiru suziriak eta gero traka ere izan da. Ondoren dultzaineroak ere aritu dira txupinazoa girotzen.

Maalan, berriz, Preso eta iheslarien eskubideen aldeko bazkaria egin dute eta bazkalostean Iñaki Labakarekin kantaldia.

Arratsalde eta gauerako ere ez da ekitaldirik faltako:

  • 16:00-19:30 Kart-ak, Kalegoen plazan.
  • 16:00-20:30 Haurrentzako parkea, Aita Agirre plazan.
  • 16:30  Ustekabea, Zaharren Biltokian.
  • 17:30-19:00 Erraldoi, buruhandi eta zezen-zikletekin kalejira, Elgoibarko, Iruñeko eta Guardiako Dultzaineroekin.
  • 19:00  Kalejira Mauxitxa txarangaren eskutik.
  • 20:00 Ignazio Bereziartuaren Salbea, Parrokiako Abesbatzak kantatua, San Bartolome parrokian. Udalbatza Parrokiara bertaratuko da, Udalaren Txistulari Taldeak lagunduta.
  • 20:30 La Jodedera taldearen kontzertua, Maalan.
  • 23:00 Doctor Deseoren kontzertua, Kalegoen plazan.