Elgoibarko Udalak 172.000 eurorekin osatu du 2016ko San Bartolome festetako egitaraua

Barren.eus 2016ko uzt. 29a, 14:52

San Bartolome jaietako egitaraua ezagutzera eman du Elgoibarko Udalak gaur goizean. 172.616 euroko aurrekontuarekin osatu dute egitaraua, iaz baino 14.000 euro gehiagorekin, alegia. Diru horrekin ehun ekitaldi inguru prestatu dituztela azaldu du kultura zinegotzi Andrea Arriolak, abuztuaren 22tik 28ra bitartean. Aurten sei egun edukiko dituzte festek, denak jarraian. Txupinazoa zeinek botako duen ere argitu dute.

Elgoibarko Parrokiaren 300.urteurrena eta San Frantzisko komentuaren fundazioaren 500.urteurrena ospatzen dihardutela-eta, Benantzio Otaegi parrokoak eta elizaren inguruko beste hainbat lagunek botako dute jaiei hasiera emango dien txupinazoa, udaletxeko balkoitik, abuztuaren 23an (13:00). 

Elgoibarko Udalak 172.616 euroko aurrekontua bideratuko du festetara, iaz baino 14.006 euro gehiago (158.610 euro 2015. urtean). Udalak jaiei emandako bultzada ekonomiko honi esker, “maila handiko ikuskizun eszeniko eta musikal ugari” sartu dituztela egitarauan azaldu du Andrea Arriolak, Udaleko Kultura batzordeburuak. Besteak beste, Doctor Deseo (abuztuak 23, Kalegoen plaza, 23:00etan), Gozategi (abuztuak 24, Kalegoen plaza, 23:00etan), DJ Xaibor (abuztuak 25, Kalegoen plaza, 22:30etan), Rural Zombies y En Tol Sarmiento (abuztuak 26, Maalako parkea, 23:00etan) taldeen kontzertuak edota Oihan Vegaren Disko Festa (abuztuak 27, Kalegoen plaza, 00:00etan) nabarmendu ditu Arriolak. “Kalegoen plazan egunero egongo da musika emanaldi bat, Gazteen Egunean izan ezik, Maalan izango baita emanaldia egun horretan”, gaineratu du. 

•Ikuskizun eszenikoak kalean

San bartolome jaiak elgoibar aurkezpena elizatarianKontzertuez gain, antolatu dituzten ikuskizun eszenikoak nabarmendu dituzte gaur egin duten egitarauaren aurkezpenean, izan ere, Elgoibarko Udalak “esfortzu berezia” egin duela nabarmendu du. Lehena abuztuaren 24an izango da, arratsaldeko 19:30etan, Trapu-Zaharrak taldearen eskutik “Ongi Etorri Findemundo!!! Ikuskizuna eskainiko dute Kalebarren plazan (euria bada, Maalan). Bigarrena, “Letter” izenburuko ikuskizuna, Malascompañías zirku taldearen eskutik, abuztuaren 27an,18:30etan izango da Kalebarren plazan (euria bada, Maalan). Eta bukatzeko, hirugarren ikuskizuna, abuztuaren 27an izango da baita, gaueko 23:00etan, Deabru Beltzak taldeak “Su a Feu” kalejira abiaraziko du Kalegoen plazatik, piroteknia eta guzti.

Bestalde, ez dira faltako San Bartolome jaietako betiko hitzorduak: erraldoi, buruhandi eta zezen-zikleten kalejirak, haurren parkeak, txarangak, soka dantza, profesionalen arteko esku pilota partidak, errekorte eta jauzi lehiaketa zezenekin, salda eta txorizo banaketa, goitibeheren jaitsiera, dantza eta txistu emanaldiak, harri-jasotze txapelketa, gazta eta sagardo lehiaketak, bertso saioak, jubilatuen bazkaria eta nola ez, ohikoak diren hiru sokamuturrak besteak beste. Udalak eguenean banatuko du 2016ko San Bartolome jaietako egitaraua jasotzen liburuxka herriko etxe guztietara.

Bizikidetzarako gune aproposak

Ane Beitia alkateak, eskerrak eman die alde batetik “Elgoibarko Udaleko langileei, urte osoan zehar egindako lanarengatik” eta bestetik, “jaiak posible egin dituzten herriko elkarte, talde eta norbanako guztiei ere”. Honez gain, Beitiak “jaiak bizikidetzarako gune aproposak” izan behar direla adierazi du eta horregatik “jaiak arduraz gozatzeko” deia luzatu du.

BIDEOAK. 2015eko sokamuturra eta Txiki Eguna: