Sei enpresa aurkeztu dira King Kong zubia birmoldatzeko lehiaketara

Barren.eus 2023ko mai. 15a, 14:12

634 errepidearen gaineko pasabide berri bat, igogailua eta hara iristeko eskailerak, eta errepideaz beste alderako pasabidea egitea aurreikusten dute, eta obra faseka egingo dutela zehaztu dute Hirigintza Sailetik, obrak izango duen eragina ahalik eta txikiena izan dadin batetik, eta Urazandirako irisgarritasuna bermatzeko, bestetik. Lehenengo faseak 1.200.000 euro inguruko inbertsioa izango du eta gauzatzeko epea 10 hilabetekoa izango da.

 • Lau fase
Lehenengo fasean, igogailu bat jarriko dute King Kongeko autobus geltoki parean eta pasabide berri bat sortuko dute 634 errepidea gurutzatzeko, zeina lotuko den gaur egungoa lotzen den puntu horretara gutxi gorabehera. Era horretan, bermatuko dute bigarren fasean, gaur egungo zubia kentzen dutenean, Maalatik zein Merkatu Plazatik datozen oinezkoek ordezko ibilbide irisgarri bat izatea Urazandira gurutzatzeko. Bigarren fase batean, gaur egungo zubia kenduko dute, konpontzeko. Proiektua idazteko, aurrena zubi horren egoera aztertu zuten, jakiteko zubia bere osoan aldatu behar ote zen edo hobe zen gaur egungoa konpontzea. Zubiaren egiturak zenbat urtetako bizia izan zezakeen baloratu zuten batetik, eta bestetik, zer kostu izango zuen aukera batek zein besteak, eta ikusita saneamendu lan batzuk eginda zubiak urte askorako bizia izan zezakeela, birmoldatzearen alde egin zuten. Geroko zubiaren taula beraz, berbera izango da, eta leku berean kokatuko dute, baina pendiza kenduta.  "Ia laua izango da". Hirugarren fase batean, auzotarrek eskatu zuten karakol itxurako arranpa sortuko dute ibaiarekiko paraleloan, igogailua gelditzen denean edo bestela, oinezkoek erabili ahal dezaten.
 
 Eta azkeneko fase batean, zubi berritik Pilarreko ikastetxea zegoen orubera iristeko beste adar bat eraikitzea aurreikusten dute, baina hori Pilarren egin asmo duten proiektuari lotuta egongo da eta beraz haren arabera eraikiko dute.