Sigmako eraikinak birgaitzeko dirulaguntzen berri emateko bulegoa zabaldu dute

Barren.eus 2023ko mai. 2a, 17:17

Hurbiltasun Bulegoa zabaldu du Eusko Jaurlaritzak Sigmako eskolak egon ziren eaikinean (argazkian), auzoko eraikinak birgaitzeko ematen dituen dirulaguntzen berri emateko. Era berean, 310.000 euroko kreditu gaikuntza onartu du Udalbatzak Sigmako bizilagunei eraikinen birgaitzerako lehen laguntzak emateko.

Udaletik zehaztu dutenez, dirulaguntzen programa amaitu arte izango dute zabalik bulegoa, hau da 2025. urtea amaitu arte. Martitzen eta eguenetan zabalduko dute bulegoa, 12:30etik 17:00ak arte, eta Debegesa tokiko garapen-agentziako langileek emango dituzte bertan behar diren argibideak. Bulegora joan ahal izateko ez da beharrezkoa aurrez ordua eskatzea. Edozein zalantza izanez gero, 675 873 853 telefono zenbakira deitu daiteke edota olasogainbulegoa@debegesa.eus helbidera idatzi.

 • 310.000 euroko kreditu gaikuntza eraikinen birgaitzerako
Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintzaren sailak 3,27 milioi euro inbertituko ditu Sigman, eremua biziberritzeko eta klima-aldaketa bezalako erronketarako prestatzeko. Jarduketek energia berriztagarriak instalatzea, etxebizitzetan kanpoko espazioak sortzea eta irisgarritasuna hobetzea barne hartzen dituzte, besteak beste.
Bulegoaren zabalpenerako egindako obra zein bizilagunei emango zaizkien lehen laguntzak finantzatzeko kreditu aldaketa bat onartu zuen Elgoibarko Udalbatzak, joan den apirilaren 26an eginiko osoko bilkuran. Eusko Jaurlaritzatik proiektua finantzatzeko jasotako lehen funtsak 2023ko udal aurrekontuan sartzea onartu zuten, guztira 309.475,00 euro. Honela banatuta:

  • Hurbiltasun Bulegoa - 42.000 euro
  • Sigmako aurreproiektua - 10.285 euro
  • Sigmako bulegoaren garbiketa - 4.000 euro
  • Sigmako bulegoan inbertsioa - 8.000 euro
  • Sigmako bulegorako hornidurak - 30.905 euro
  • 2023 Sigmako bizilagunei dirulaguntza - 214.285  euro

 

∞Lotura duten albisteak: