Udalak apirilaren hasieran aterako ditu lehiaketa publikora King Kong zubia eraberritzeko lanak

Barren.eus 2023ko mar. 31a, 15:02

Elgoibarko Udalak jakinarazi du King Kong zubia eraberritzeko eta irisgarriagoa egiteko lanen lehen zatia lehiaketa publikora aterako dutela, apirilaren hasieran.

Elgoibarrerako proiektu estrategikoa dela nabarmendu dute Elgoibarko Udal Gobernuko ordezkariek, ohar bidez. Bertan aurreratu dutenez, lehendabiziko lanak "udan" hasiko dituzte. Lanen lehen zatia izango dena aterako dute orain lehiaketara. Izan ere, Udalak lau zatitan banatu du zubia berritzeko obra, eta lanok modu independentean egingo dituztela zehaztu dute. Hona zati bakoitzean egin asmo dituzten lanak.

  1. Lanen lehenengo zatian, apirilean lehiaketara aterako den honek, N-634 errepidearen gaineko pasabide berri bat, igogailua eta bertara sartzeko eskailerak eta Urazandi aldera doan N-634 errepidearen beste aldeko pasabidea hartzen ditu. Lehen zati honetan aurreikusitako lanetarako aurrekontua 1.200.000 euro ingurukoa (BEZ barne) izango dela jakinarazi dute. Gauzatzeko epea hamar hilabetekoa izango da.
  2. Lanen bigarren zatian, Deba ibaiaren gaineko pasabidea eta eskuinaldeko sarbide-arrapala "birmoldatuko" dituzte, eta Urazandiko pasabidea berritu. Horiez gainera, N-634 errepidearen gainean dagoen pasabidea eraitsi eta ibaiaren pasabidearekin lotuko dute.
  3. Hirugarren zatian, ibaiaren pasabidearen ezkerraldeko lotura-arrapala eta igogailuaren goiko ontziratzea jasotzen dira.
  4. Lanen laugarren zatian, Pilar ikastetxea egon zen orubera sartzeko pasabidea eraikiko dituzte, Urazandi auzora sartzeko bidearen gainean.

2023 03 31 king kong zubia agintariak elgoibar udala

Urazandi auzoa eta herrigunea lotzen dituen oinezkoentzako ibilbideak errepidea eta Deba ibaia moduko "oztopoak" gainditzen dituela azaldu dute udal arduradunek. Gaur egun, errepidea eta ibaia zeharkatzen dituzten bi pasabideetan barrena egiten da ibilbide hori. Egungo ibilbideak, baina, ez du betetzen irisgarritasunari buruzko egungo araudia. Hori dela eta, hainbat baldintza bete beharko ditu pasabide berriak. Honako hauek aipatu dituzte agintariek:

  • Ibaiaren gaineko pasabideari beharrezkoak diren baldintzak ematea, irisgarritasunari buruzko araudia betetzeko.
  • N-634 errepidearen eta Urazandi auzoaren arteko maila gainditzea, igogailu publiko baten, eskaileren eta arrapala gehigarri baten bidez osatutako komunikazio gune bertikal baten bitartez.
  • N-634 errepidearen gainetik igarotzea, errepidearen gainetik egingo den pasabide baten bidez.
  • Komunikazio gune bertikala eta Elgoibarko HAPOn ageri den “6.E. El Pilar” partzela elkarrekin lotzea.
  • N-634 errepidean, Mendarorako noranzkoan dagoen autobus geltokia mantentzea.


Aipatutako baldintzak betetzeko hartu duten konpondidearen arabera, N-634 errepidearen gaineko bidegurutzean pasabide berri bat egingo dute, gaur egun ibaia zeharkatzen duen pasabidetik gora, eta igogailu bat egongo da bi pasabideen arteko desnibela gainditzeko. Errepidearen gaineko pasabidearen azken muturrean beste pasabide bat dago, N-634 errepidearekiko nahiko paraleloa, Urazandiko bidearen espaloian amaitzen den trazadurarekin bat egiten duena. Tarte hori ez dute aldatuko, "% 2tik beherako luzerako maldak dituenez, irisgarritasun-baldintzak betetzen baititu". Pasabide horrek Pilarreko ikastetxe zaharraren lurzatirako sarbidea emango du etorkizunean, lanen laugarren zatian.

 

∞Lotura duten albisteak: