Mendaroko zubia berritzeko proiektua apirilean lizitatu eta lanak irailean hastea aurreikusten dute

Barren.eus 2023ko mar. 23a, 11:05

Ohiko azkerketa teknikoetan zubian atzeman dituzten patologiak konpontzeko berritu asmo dute Mendaroko sarbideko zubia eta aurreratu dute obrak 2.196.195,08 euroko aurrekontua izango duela, BEZ barne.

Joan zen urriaren 4an aurreratu zuten albistea Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Udalak eta eguaztenean beste agerraldi bat egin zuten Mendaron Aitzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuak eta Iñaki Arregi alkateak behin betiko proiektuaren xehetasunak emateko. Iaz esan zuten urtarrilean lizitaziora aurkeztuko zutela eta maiatzean hasiko zituztela obrak, baina eguazteneko agerraldian jakinarazi zuten apirilean aterako dutela lizitaziora zubia berritzeko eraikuntza-proiektua eta aurreikusten dutela irailean obrak hasteko moduan izango direla. Obra bukatzeko, ondo bidean, zortzi bat hilabete beharko dituztela zehaztu zuen Oiarbidek eta tarte horretan pazientzia izateko eskatu zien herritarrei, lanak trafiko irekiarekin egin beharko dituztelako. Obrak Mendaro Ospitalearekin "komunikatuta eta koordinatuta" egingo dituzte.

 • Hiru helburu ditu obrak
Oiarbidek nabarmendu zuen atzeratu zitekeen obra zela, zubiak ez duelako egiturazko kalterik, baina ohiko ikuskapenetan hainbat pitzadura eta hezetasunak eragindako kalte atzeman zituztela, eta herrirako sarbide bakarra izanda, erabaki dutela inbertsioa egitea. 1976koa da zubia, 55 metro luze da eta Deba ibaiaren, ibai ertzeko pasealekuaren eta trenbidearen gainean eraikita dago, eta horrek zaildu egiten du bertan egin nahi den edozer. Hiru helburu ditu obrak: egituran atzeman dituzten arazoak konpontzea, euste-sistema sendotzea, "gaur egungo legediaren arabera ez dituelako gutxienekoak betetzen", eta zerbitzu guztiak ordenatzea (telefonoa-sarea, ur-hoditeria...).
Euste-sistema sendotzeko zubia zabalduko dute, horretarako 50 metro inguruko corten altzairuzko metalezko egitura bat jarrita. Egitura horrek sostengu propioa izango du, hau da ez du kargarik suposatuko egungo zubiarentzat; "are, karga arinduko zaio". Gaur, 9,9 metrokoa da plataforma eta 1,5 bi espaloi ditu ertzetan, oinezkoentzat. Gero, 13,6 metro zabal izango da plataforma eta bi metrokoak izango dira espaloiak. Espaloia eta kaltzada bereizteko eta segurtasuna hobetzeko babesak jarriko dituzte.
Agerraldi berean, zehaztu zuten Mendaroko sarbide berria urrirako izango dutela idatzita. Bi obrak historikotzat jo ditu Arregi alkateak eta Aldundiarekin elkarlanean jarraitzeko konpromisoa adierazi zuen.

Zubia berritzeko lanak amaitu ostean zubiak izango duen itxura erakusten duten irudiak aurkeztu zituzten aurkezpenean:

2023 03 23 zubia mendaro obrak infograma

2023 03 23 zubia mendaro obrak infograma behetik

2023 03 23 zubia mendaro obrak infograma oiarbide inakiarregi

2023 03 23 zubia mendaro obrak arregi oiarbide

•Lotura duten albisteak: