Lorategien eta berdeguneen mantentze lanak lehiaketara atera ditu Elgoibarko Udalak

Barren.eus 2023ko mar. 1a, 10:51

Elgoibarko Udalak lehiaketara atera du udal lorategi eta berdeguneen kontserbazio eta mantentze zerbitzuaren kontratazioa, 2019tik indarrean dagoen kontratuaren epemuga maiatzaren 31n amaituko baita.

Hasierako aurrekontua 301.652,89 eurokoa da + BEZa. Enpresek martxoaren 27ra arte aurkeztu ahal izango dituzte proposamenak. Iosu Arraiz Hirigintza zinegotziak azaldu duenez, jarduketa-eremuaren azalera 238.928,02 m2-koa da, eta bi lotetan banatu dute zerbitzua "belarra sarriago eta hobeto ebakitzeko eta lorategiak behar bezala mantentzeko". Zerbitzuaren gaineko kontrola hobetuko dutela ere zehaztu du.

Enpresa esleipendunak eman behar duen zerbitzuak honako lan hauetarako kontratatutako berdegune guztiak barne hartzen ditu: kontserbazioa, birjarpena, inausketa, landaketa eta bestelako lanak, eta sortutako landare-hondakinak ezabatzea. Baita parkeak eta lorategiak mantentzea, parterreak, ertzak, mendiguneak, txorkoak eta ezpondak mantentzea, ibaiertzak, lerrokadurako zuhaitzak eta parkeen, zuhaixken, heskaien eta Olaso eta Alzola hilerrien zuhaitzak mantentzea. Hona bi loteen inguruko xehetasunak:

  1. lotea, 148.569,51 metro koadro (% 62,2): hiriguneko eremu berde finkatuak, batez ere, lerrokadura-zuhaitzak eta lorezaintzak eta parterrak.
  2. lotea: 90.358,51 metro koadro (% 37,8). Industrialdeen inguruko berdeguneak eta hirialdekoak ez diren auzoak. Zuhaitz, belar txar eta abarren inausketa eta garbitasunari begira egongo da.

Informazio guztia www.elgoibar.eus webguneko kontratatzailearen profila atalean eskuratu daiteke.