Ufaletan kaltetutako petrila berrituko dute Altzolan

Barren.eus 2023ko urt. 26a, 16:01

Altzola auzoko bainuetxeko zumardian ibai ertzean zegoen petrila ia osorik eraman zuen urak 2021eko abenduaren hasierako ufaletan, eta geratu ziren zatiak uraren indarrak kaltetu ditu.

Kaltetutako petrila iragazkorra ez den beste batekin ordezkatzeko proiektua idaztea eskatu zion Elgoibarko Udalak Injelan SL ingeniaritza enpresari. Proiektuaren barruan sartzen da dagoen petrilaren zati bat eraistea, sastrakak kendu eta beharrezko lur-mugimenduak egitea, eta, azkenik, hormigoi armatuzko petril berri bat eraikitzea.

Elgoibarko Udalak lehiaketa publiko bidez esleitu dizkio obrak Bermeosolo S.A. enpresari, "eskaintzarik onena aurkeztu zutelako". Obra hiru zatitan egingo dute. Hormigoi armatuzko petrilak 69,99 m-ko luzera garatua izango du, eta zoladuraren gainetik 1,10 metroko altuera izango du.

Lanotarako 90.700 euroko aurrekontua onartu du Udalak, BEZa kontuan izan gabe. Obrak egiteko epea hiru hilabetekoa izango da. Obrak hasteko URAren (Uraren Euskal Agentziak) baimena behar dute eta ibaiaren ur emaria lanak egiteko maila egokian egotea. Baldintza horiek betetzen direnean hasiko dituzte lanak, Udalaren aurreikuspenen arabera, 2023. urtearen erdialdean hasiko dituzte.

2023 01 26 2021 12 10 ufalak elgoibar altzol panoramikoa barren

 Lotura duten albisteak: