Urazandi eta Kalamua kaleak lotzeko lanak 2023ko lehen seihilekoan hastea aurreikusi du Udalak

Barren.eus 2022ko aza. 7a, 15:44

Injelan SL ingeniaritza-enpresak idatzi du Kalamua eta Urazandi kaleak lotuko dituen bidea egiteko proiektua, eta obraren lizitazio prozesua abian jarri du Udalak.

 

Obra honek 215.563,83 euroko aurrekontua (BEZ, gabe) izango du. Interesa duten enpresek Elgoibarko Udalaren kontratatzailearen profilaren bidez aurkeztu ahal izango dute beren proposamena azaroaren 30era arte (12:00). Udalak obra 2023ko lehen seihilekoan hastea aurreikusten du.
Kalamua kaleak ez du loturarik Urazandi kalearekin ipar-mendebaldeko muturrean, irteerarik gabeko kalea baita. Udal arduradunek "komenigarritzat" jo dute Kalamua kalea eta Urazandi kalearen ipar-mendebaldeko muturreko lotura sustatzea, inguruko trafikoa arinagoa izan dadin. Era berean, Kalamua kalea Urazandi kalearekin lotzeak antolaketa-aukera berriak ahalbidetu ditzake trafikoan.
Kaleko zirkulazioa antolatzeko dauden aukerak aztertu dituzte, eta eraginkorragoa dela iritzita, noranzko bakarreko eta beheranzko noranzkoko galtzada duen diseinua egitea erabaki dute.

Bi aldeetan bi metroko zabalerako espaloiak izango dituen bide bat proiektatu du Injelan SL ingeniaritza-enpresak, % 6ko gehieneko maldarekin, inguruneko irisgarritasun-baldintzak betetzeko eta errazteko. Halaber, euri-uren sarea handitzea ere aurreikusten du proiektuak, sortuko litzakeen bide berrian jariatze-urak biltzeko, bai eta LED argiztapen-sarea ere, LED sistemaduna.

Elgoibarko alkate Ane Beitia azpimarratu du bide berriak aukera gehiago emango dituela auzoko kaleetako trafikoa antolatzeko eta oinezkoen mugikortasuna hobetzeko. "Era berean, inguruko urbanizazioa berrituko dugu, atseginagoa eta irisgarriagoa izan dadin. Urazandiko bizilagunen irisgarritasuna eta bizi-kalitatea hobetzeko apustu garbia da”, esan du prentsa ohar bidez.

∞Lotura duten albisteak: