Plaza auzotik Arnoate baserrira arteko landa-bidea berrituko dute Mendaron

Barren.eus 2022ko urr. 3a, 13:29

Mendaroko Udaletik jakitera eman dutenez, datozen asteetan hasiko dituzte Plaza auzotik Arnoate baserri parerainoko bost kilometroko landa-bidea eraberritzeko lanak.

Arnoate baserriaz gain, asko dira bidean dauden baserriak eta esplotazioak (Emezabal, Oleaga, Etarte, e.a.). Ia bere osotasunean hormigoizko bidea da, nahiz eta Plaza auzoko eremu batek eta baita bide tarte batzuek ere aglomeratuzko akabera duten.

"Hainbat puntutan hormigoia hondoratua, eroria, hautsita eta pitzatua aurkitzen da, bai honen eguneroko erabileragatik, baita egungo hormigoia garai batekoa delako ere, gainera, armadurarik ez duen zorua da", azaldu dute Iñaki Arregi alkateak eta Mari Jose Telleria zinegotziak egin asmo dituzten lanen inguruan.
Bide osoa aztertu ostean, lehentasunak eta beharrizan teknikoak ezarri dituztela zehaztu dute. Hala, bideak dituen arazoei konponbidea emate aldera, asfaltoa berrituko dute bideko zenbait tokitan. Guztira 2.190 metro karraturi eragiten die aktuazioak. Zenbait puntutan ubidea egiteko ere aprobetxatuko dituzte lanak, eta bazter-babesak ere jarriko dituzte, "kurbak duen erorketa arrisku handiagatik". Lanek 103.576,17 eurotako aurrekontua dute, B.E.Z. barne, eta azarorako amaituta egongo direla esan dute udal arduradunek.

Udal Gobernuak (EAJ-PNV) eta PSE-EE oposizioko alderdiak landa-bideen konponketa lanetarako urtero 150.000 euro inbertitzea adostu zuten 2021eko aurrekontuaren onarpenean, 450.000 euro legealdi osoan. Iaz, Alkorta, Sahatsu eta Aranerrekako herri bideak konpondu zituzten. Aurten, jada, eraberritu dute Goikolarako bidea, eta orain ekingo diote Arnoaterako bidea konpontzeari. "Bi aldeok begi onez ikusi genuen urtez-urteko diru-partida zehatz bat ezartzea landa bideetan hobekuntzak egiteko. 2022 amaierarako 300.000 euro inbertituak egongo dira. Gure baserriak eta esplotazioak zaindu, lagundu eta sustatzea da jomuga. Azpiegitura egokiak behar ditugu herri osoan. Horri erantzuten diogu lan-lerro honekin”, esan dute Iñaki Arregi alkateak eta Mari Jose Telleria zinegotziak.

2022 10 03 Arnoate bidea eraberritzeko mendaro udala

2022 10 03 Arnoate bidea eraberritzeko mendaro udala 2