Sigmako auzoa berrurbanizatzeko lanak udazkenean hasiko dituzte

Barren.eus 2022ko uzt. 27a, 08:54

Elgoibarko Udalak aurreratu duenez, Sigmako auzoa berrurbanizatzeko eta bidea luzatzeko lanak egingo dituzte udazkenean.

Proiektu horren helburua da urbanizazioak irisgarritasuna izatea eraikinetako ateetaraino, eta bide-segurtasuna hobetzea. Udaletik zehaztu dutenez, 2017an idatzi zuten Sigma berrurbanizatzeko proiektua, 2015eko Irisgarritasunaren Plan Estrategikoan oinarrituta, eta obrak hiru fasetan egitea aurreikusten du proiektu horrek. Lehenengoak pilotalekuaren eta "Zabalpena" 8.D sektoreko bidearekin lotzen den bidearen arteko jarduketa guztiak hartzen ditu, autobus-geltoki berria barne. Proiektuaren bigarren fasean, frontoitik 17-20 atarietako blokeetara doan bidea eta zerbitzu-sare guztiak osatzen dira. Hirugarren fasea 4. eta 6. zenbakietako atarien artean igogailu bat egikaritzera mugatzen da.

Urbanizazio-proiektu horren lehen fasea da une honetan lizitatzen ari diren obren xedea. Eraikuntza-enpresak lehiaketara aurkezteko epea uztailaren 27an amaituko da (27a barne). Lehenengo fase honetan Eulogio Estarta 1etik 4ra arteko eraikinen aurrean espaloia handitu egingo dute, eta N634 errepide ondoko espaloiaren ondoan horma bat eraikiko dute, espaloi hori zabaldu ahal izateko. Eraikuntza-obra horiekin batera, lurpeko sareak berrituko dituzte eta fatxadatik igarotzen diren sareak lurperatuko dituzte.

2021ean, Udalak lursail publikoa utzi zien bizilagunei, etxebizitzen aurrealdeetan igogailuak eraiki ahal izateko. Behin auzotarrak jarduketa hori gauzatu ondoren, Udalak aipatutako bidea luzatzeko eta berritzeko obrak hasiko ditu, etxebizitzen ondoko aldean dauden aparkalekuetatik ekonomato zaharraren pareraino. Lau hilabeteko epean aurreikusten da burutzea lanak eta hasierako aurrekontua 176.274,59 eurokoa (BEZ gabe) izango da.

∞Lotura duten albisteak: