Mendarorako beste sarbide bat eraikitzeko aurreproiektua aurkeztu dute

Barren.eus 2022ko eka. 23a, 15:04

Errepide-sare nagusitik Mendarora bigarren sarbide bat egiteko aurreproiektua edo proiektuaren zirriborroa aurkeztu zuten eguaztenean Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Mendaroko Udalak, udaletxean eman zuten prentsaurrekoan.

Zehaztu zutenez, datorren astean edo hurrengoan aurreikusten du Foru Aldundiak proiektuaren idazketa esleitzeko lizitazioaren deialdia egitea. Hiru bat hilabete irauten du epe horrek, eta hori egiteko enpresa aukeratzen dutenean, sei hilabeteko epea izango du hark exekuzio-proiektua idazteko.

Herrigunera sartzeko sarbide bakarra du Mendarok eta herri bakarra da Gipuzkoan zubi baten mende dagoena. Horregatik, beste zubi bat eraikitzeko nahia sarri ibili da bateko eta besteko udal agintarien ahotan azkeneko urteetan, gaurko zubitik trafiko handia pasatzen delako eta zubiak duen geometria ere ez delako egokiena bereziki industrialdera iristen diren ibilgailu astunentzat eta ospitalera joan-etorrian dabiltzan autobusentzat. Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretarako diputatuak berak ere aitortu zuen eguaztenean urte askoan Foru Aldundian "bueltaka" ibili den proiektu-eskaera izan dela hau.

Asteon udaletxean aurkeztu dutena proiektuaren zirriborroa edo aurreproiektua da. Prentsarentzako deialdia izan zen eguaztenekoa, eta Aintzane Oiarbide diputatuaz gain, Iñaki Arregi alkateak eta Mikel Uribetxebarria Bide Azpiegituretarako teknikariak eman zituzten azalpenak, baina aurkezpenera herritar gutxi batzuk ere batu ziren, proiektuan kaltetuak direnak eta EHBilduko kideak, besteak beste, zeintzuek salatu zuten iazko ekainean Mendaroko Udalak Aldundian aurreproiektua -bi proposamen ziren- aurkeztu zuenetik ez dutela informaziorik jaso, "hilero galdetu arren". Informazioa jasotzeko lehentasuna herritarrei beharrean hedabideei eman izana ere salatu zuten EHBildukoek, eta zubia premiazkoa dela ulertuta ere, prozesuak beste bat izan behar lukeela zehaztu zuten gero, prentsaurrekoaren ondoren: "Guk esaten dugu aukera guztiak aztertu behar direla, jendeari ezagutarazi eta gero erabaki".


Mendarorentzat eta Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat erabaki "historikoa" dela nabarmendu zuen Aintzane Oiarbide diputatuak. Ospitalerako sarrera-irteerak eta indusrialderako irisgarritasuna hobetuko dela nabarmendu zuen Oiarbidek eta bide-segurtasuna hobetzen ere lagunduko duela sarbide berriak. Antzeko hitzak izan zituen Iñaki Arregi alkateak eta gehitu zuen herriko sektore ekonomikoari ere erraztasunak emango dizkiola.

2022 06 23 zubia aurreproiektua mendaro Aintzane Oiarbide inakiarregi


 • Sarbide berriaren ezaugarriak
Uribetxeberriak azaldu zuen 2008ra-edo egin behar dela atzera proiektua azaltzeko. Urteetan azterketa ezberdinak egin dituzte ikusteko zer aukera zeuden eta Udalak bi aukera aurkeztu zizkion Aldundiari iaz. "Kalte gutxien" eragiten zuten bi proiektu haietako baten oso da antzekoa orain Aldundiak aurkeztu duena [Beste proiektuan Irabane baserriaren gainetik pasatzen zen bidea eta Iturgainen atari aurretik]. Haren arabera, sarbide berriak 840 metro neurtuko ditu eta 634 errepidea industrialdeekin eta ospitalearekin lotuko ditu. Hiru biribilgune izango ditu eta Deba ibaiaren eta trenbidearen plataformaren gainetik joango den 102 metroko zubi bat. Lehenengo biribilgunea, 634 errepidean bertan eraikiko dute eta 36 metroko kanpo-diametroa izango du. Errepide nagusiaren eta bide berriaren arteko elkargunea izango da. Lili galdaragintza enpresaren ostetik eta Bloques Etxeberriaren aurretik pasatuko da bidea, ibai muturreraino. Zubi batek lotuko ditu bi aldeak gero, ibaiaren eta trenbidearen gainetik. Ibaiaren beste aldean, Bixuete baserria dagoen puntuan, eraikiko dute bigarren biribilgunea, 42 metroko kanpo-diametroa izango duena eta Igartualdea eta Erramone industrialdeak lotuko dituena bidera. Goragoan, Kapaingoa etxearen atzeko aldean eraikiko dute hirugarren biribilgunea, Mendaroko ospitalerako lotura. Bide berriak 3,5 metroko bi errail izango ditu trazatu osoan, eta ibilbidearen zatirik handienean, metro bateko bazterbidea bi aldeetara -Salbuespen bakarra Aizkoltxo parean egingo lukete, "babesgunean ez sartzeko". Hor bazterbidea estutzea aurreikusten dute-. Zubi berriak oinezkoentzako bidea ere izango du eskubiko aldetik, zeina erdi galduan egon arren Bloques Etxeberria atzetik igarotzen den oinezkoentzako bide batekin lotuko duten.


Uribetxebarriak azaldu zuen aurreproiektuak hirigintzan, hidraulikan eta ondarean duen eraginari buruzko balorazioa jasotzen duela, badirelako proiektu honetan gainditu beharreko hiru oztopo nagusi ere: Aizkoltxoko babesgunea, orografia eta kotari dagozkion zailtasunak eta Ura Agentziarekin zuzendu beharreko beste kontuak. Azken horri lotuta, zubi berri batek uholde-arriskuaren kotari eragingo ote dion galdetu zitzaion teknikariari, azkeneko uholdeetan errepidez isolatuta gelditu den herri bakarra izan delako Mendaro Euskal Herrian eta azpiegitura hauek eragina izan dezaketelako, baina Uribetxebarriak erantzun zuen URA Agentziaren oniritzia baduela obrak eta milimetro bakar batean ez dela handitzen arrisku-kota. Nolanahi ere zehaztu zuen kontsulta horiek guztiak eginak dituzten arren erakunde ezberdinetan, proiektua idaztean berriro ofizialki egin beharreko tramitazioa dela hori.