Oinezkoentzako pasealeku berri bat egingo dute Lerungo industrialdea berritzeko lanen barruan

Barren.eus 2022ko api. 25a, 14:53

Lerungo industrialdea urbanizatzeko falta ziren azken lanak hasi dituzte gaur. Besteak beste, oinezkoentzako pasealeku bat sortuko dute eta Deba ibai ertzeko hormigoizko baranda ere konponduko dute.

Lerungo poligonoaren jabeen batzarra arduratuko da Lerungo industrialdea berritzeko azken fasea gauzatzeaz, Elgoibarko Udalaren laguntzarekin. Udaletik gogora ekarri dutenez, 2015ean egin zuten urbanizazio lanen lehen fasea. Barandak ipintzeaz gainera beste hainbat jarduera egin zituzten argiztapen-sarea berritzeko.

Gaur egun, San Pedro kalea eta Lerun industrialdea lotzen dituen zubitik industriaren erdian dagoen biribilguneraino doan trazadurak, ibaiaren ibilbideari jarraituz, bederatzi metroko galtzada du, bi erreiz osatua. Galtzada horrekin batera, aparkaleku bat (ibaiaren ertzean) eta espaloi bat daude. Industrialde honetan egin zituzten azken jarduketetako bat izan zen hormigoizko baranda jartzea aipaturiko ibilbidean. Baranda hori, gaur egun, apurtuta dago hainbat zatitan. "Izan ere, ibilgailu askok atzeraka egiten dute aparkatzeko maniobrak egiten ari direnean, eta, zenbait tartetan, apurtu ere egin da baranda", azaldu dute Udaletik.
Gaur hasi dituzten lanen helburua pasabidearen eta biribilgunearen artean oinezkoentzako "konexio segurua" eta "erosoa" sortzea dela azaldu dute, industriagune ingurua herritarrek paseatzeko eremurik erabilienetakoa dela nabarmendu baitute. "Zehazki, jardueraren helburua aipatutako luzera horretan gutxienez bi metroko espazioa lortzea da. Gaur egun galtzada 8-9 metro zabal da eta obrak egin ostewan zabalera aldakorra izango du, gutxieneko zabalera 4,40 metrokoa izango delarik. Era berean, adierazi behar da zirkulazioaren noranzko bakarrekoa izango dela".
 • Baranda berritzeko lanak
Bestalde, obra aprobetxatuko dute falta diren edo kolpatuta edo egoera txarrean dauden hormigoizko baranda-zatiak berritzeko. Era berean, dagoen baranda guztia garbituko dute, industrialdearen garbiketa orokorra egitearekin batera, lehendik dauden espaloi eta hustubideetako landaredia garbitu eta kenduz. Egoera txarrean dauden baldosak kendu eta berriak ipiniko dituzte, hausturak edo juntura solteak dituzten saneamendu-sareko tarteak konpondu eta, amaitzeko, industrialdeko saneamendu-sarearen garbiketa eta bideo-ikuskapena egingo dute.
Udalak aurreratu duenez, lanek sei aste inguruko iraupena izango dute, eta inbertsioa 119.118,28 eurokoa izango da, BEZa barne.
Ane Beitia alkateak adierazi du berritze lan hauek estrategikoak direla Udalarentzat eta, bereziki, tokiko eta eskualdeko sare ekonomikoarentzat: "lehentasunezkoa eta funtsezkoa da lurzoru industriala eta gure sare ekonomikoarentzat kalitatezko eta erakargarriak diren espazioak eskaintzea. Lerun Arriaga Industriagunean burutu dugun birmoldaketa guztiaren jarraipena da. Gure industriaren sendotasunari eusteko eta jarduera ekonomiko berriak erakartzeko lanean jarraitzen dugu”, esan du.

2022 04 25 lerun industrialdea elgoibar udala

2022 04 25 lerun barandak apurtuta

2022 04 25 lerun industriagunea elgoibar

2022 04 25 lerun industriagunea igogailua