Urazandi eta Kalamua kaleak lotzeko bidearen proiektua idazteari ekin dio Udalak

Barren.eus 2022ko mar. 10a, 13:07

Udalak abian jarri du Kalamua eta Urazandi kaleak lotuko dituen bidearen proiektuaren idazketa. Proiektua idazteko aurrekontua 5.990 eurokoa da (BEZ gabe). Udalak proiektua uda honetarako idatzita izatea aurreikusten du, obra horrek etorkizuneko aurrekontuetan izan dezakeen aurrera-bidea aztertu eta ikusi ahal izateko.

Bi kaleotako ipar-mendebaldeko muturrean, Galiza plaza dagoen lekuan, egin nahi dute lotunea, trafikoa arinagotzeko helburuarekin. Zehaztu dutenez, Kalamua kalearen eta Urazandi kalearen arteko lotura faltaren ondorioz, oinezkoek eta ibilgailuek "zirkulazio konplexua" izan dute Urazandi auzoan, hainbat hamarkadatan. Bi kaleok lotu ahal izateko, kalearen maila edo altuera aldatu beharko lituzkete Galiza plaza inguruan, Kalamua kaleko 14. zenbakiko eraikinaren alboko eskailera mekanikoen ondoan dagoen zebrabidetik Urazandi kaleko 45. zenbakiraino, 55,29 metroko luzeran. Udaleko arduradunen asmoa da bi kaleak bide berri batekin lotzea, eta gehienez ere % 6ko malda izango luke. "Kalearen zeharkako sekzioa mantenduko da, 4,5 m-ko zabalerako galtzadarekin eta 2 metroko zabalerako lineako aparkalekuarekin, bide berriaren hego-ekialdean. Lineako aparkalekuan lortutako lau plazek, dagoen espazioa aprobetxatuz egokitzen diren bateriako beste lau plazekin batera, Urazandi kalean ezabatutako aparkaleku-plazak konpentsatzen dituzte".

Kalamua kalea irteerarik gabeko kalea da egun. Kale hori Urazandi kalearekin lotzeak aukera berriak eman ditzake inguruko trafikoa antolatzeko, -norabide bakarrekoa izatea, esaterako-, kontuan hartuta kale horretan Herri Eskola dagoela eta ikastetxean sartzeko eta irteteko puntako orduetan sortzen den trafiko-bolumena. Era berean, auzoko espaloiak handitzeko aukera emango luke proiektu honek, “bide publikoko egungo aparkaleku kopurua murriztu gabe eta gaur egun dagoen noranzko bikoitzeko zirkulazioak sortutako arazoak kenduz. Beraz, ibilgailuen eta oinezkoen eguneroko bizitza nabarmen hobetzen duen zirkuitu bat sortzen da, aparkalekuak gutxitzea ekarri gabe”, adierazi dute udal agintariek. Halaber, euri-uren sarea handitzea ere aurreikusten dute, sortuko litzakeen bide berrian jariatze-urak biltzeko, bai eta LED argiztapen-sarea ere, LED sistemaduna.

Hirigintzako zinegotzi Iosu Arraizek nabarmendu du bide berriak aukera gehiago emango dituela auzoko kaleak antolatzeko eta oinezkoen mugikortasuna hobetzeko. “Era berean, inguruko urbanizazioa berrituko dugu, atseginagoa eta irisgarriagoa izan dadin”, esan du, eta Urazandiko bizilagunen irisgarritasuna eta bizi-kalitatea hobetzearen aldeko "apustu garbia” dela nabarmendu du.

2022 03 10 urazandi kalamua kaleak lotunea galiza plaza