San Roke eta Trenbide kaleetan birgaitze lanak egingo ditu Udalak

Barren.eus 2021ko uzt. 14a, 13:37

Herriko irisgarritasuna hobetzeko lanen barruan, San Roke eta Trenbide kaleetan egin asmo dituzten birgaitze eta zaharberritze lanak lizitaziora atera ditu Elgoibarko Udalak.

Birgaitze lanak lizitazio fasean daude orain eta zehazki San Roken, 26 zenbakitik Juan Mugertza 3ra doan tartea, eta Trenbide kalean, San Ignazio 4 eta Ubitate 3 peoren ondoan dagoen espaloia dira Udalak berrituko dituenak. Oinarrizko lizitazio prezioa 111.177,52 eurokoa da (BEZ kanpo). Kale tarte horietako espaloiak konpondu eta zabalduko dituzte, irisgarritasuna hobetu, oinezkoei lehentasuna eman eta herritarrei espazio atsegin, irisgarri eta seguruagoak eskaintzeko helburuarekin. Lanek bi hilabeteko iraupena izango dute eta datozen hilabeteotan burutzea da Udalaren asmoa.

Aipatu kaleen birgaitzeak Irisgarritasun Planean hautemandako beharrei erantzuten dietela zehaztu dute Udaletik. "Herriko irisgarritasuna hobetzea eta elgoibartar guztiei egokitutako espazio atsegin, irisgarri eta seguruak eskaintzea Elgoibarko Udalaren lan ardatz nagusietako bat da", azaldu dute.

2021 07 14 strenbide birgaitze lanak non 1

2021 07 14 san roke birgaitze lanak non 1