San Rokeko igogailu publikoa urtea amaitu baino lehen martxan egongo da

Barren.eus 2021ko uzt. 5a, 15:08

Hasita daude San Roken igogailu publikoa eraikitzeko lanak eta Elgoibarko Udaletik jakinarazi dutenez, 2021a amaitu baino lehen jarriko dute martxan.

Proiektuaren helburua da San Roke kalea igerileku berrien solairu estaliaren gainean dagoen aparkaleku berriarekin lotzea, igogailu baten eta eskailera publiko batzuen bidez. Igogailu berriak San Roke eta Arregitorre auzoen arteko irisgarritasuna hobetzea ahalbidetuko du, Arregitorre 2an dagoen Mekaren kotara iristea ahalbidetuko baitu.

Udalak 263.536,65 euroko, BEZ gabe, inbertsioa egin du lanok gauzatzeko.
Batetik, igogailu bat jarriko da Olaizaga kiroldegiaren jatorrizko eraikinaren eta hego-mendebaldean dagoen handitze berriaren artean. Igogailura San Roke kaletik edo kiroldegiko igerileku berrien estalkiaren gainean dagoen aparkaleku berritik sartu ahal izango da. Igogailu berriak zortzi plazako kristalezko kabina panoramikoa izango du eta 11,7 m inguruko altuera gaindituko du. Kabinaren neurriak honakoak dira: 1.100 mm-ko zabalera x 1.400 mm-ko sakonera x 2.100 mm-ko altuera.
Eta, bestetik, eskailerak ipiniko dituzte igerilekuak handitzeko eraiki duten eraikin berriaren aurrealdean. Eskaileretarako sarbidea San Roke kaletik edo Arregitorre kaleko 4. zenbakiko haurreskolara doan aldapa dagoen hego-mendebaldeko fatxadan dagoen tarteko plataformatik egin daiteke. Bestalde, eskailera berriek igerileku berrien beheko solairuko ebakuazio-terrazarako sarbidea emango dute.

2021 07 05 igogailua olaizaga sanroke elgoibar infograman 1

 

∞Lotura duten albisteak: