Etxebizitzetan hobekuntza lanak egiteko dirulaguntzak emango ditu Mendaroko Udalak, EH Bilduk proposatuta

Barren.eus 2021ko eka. 18a, 14:34

Mendaroko Udalak dirulaguntzak emango ditu etxebizitzetan hobekuntza lanak egiteko. Maiatzeko udal plenoan onartu zuten, hain zuzen ere, dirulaguntza lerro hori bideratzeko ordenantza, eta dirulaguntzen deialdia hurrengo hilabeteetan egitea aurreikusten da.

Joan zen eguenean argitaratu zuten ordenantza Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta 30 egunez jendeaurrean egongo da, baina alegaziorik ezean –normalena dena bide batez esanda, ahobatez onartu zituztelako eta ez doalako inoren interesen kontra–, automatikoki onartuko da. Dirulaguntza horien bidez etxebizitzetan egin daitezkeen hobekuntza desberdinak lagunduko dituzte eta 2021. urtean egindako lanak ez ezik, 2020. urtean egindakoak ere lagunduko dituzte diruz. Hauek dira, zehatzago esanda, diruz lagunduko dituzten lanak:

Honako hauek dira berez diruz lagunduko diren obrak:

  1. Irisgarritasuna eraikinetan (igogailuak, arrapalak...)
  2. Fatxadak berriztatzea
  3. Eraikinen Ikuskaritza Teknikoak (ITE) eskatutako lanak
  4. Efizientzia energetikoa hobetzeko lanak (isolamendu termikoak...)
  5. Autokontsumorako Energia Elektriko Fotovoltaikoko Instalazioak
  6. Etxebizitza egokitzea mugikortasun mugatua edo zentzumenezko desgaitasuna dutenentzat
  7. Kanpo arotzeria ordezkatzea (ateak, leihoak...)
  8. Etxebizitza hutsak alokairuan jartzeko egokitzapen lanak