Estalpea handitzeko lanak hasiko dituzte Herri Eskolak Urazandi parkean duen eraikinean

Barren.eus 2021ko eka. 18a, 14:13

Herri Eskolako eskolaurrearen estalpea handitzeko lanak hasiko dituzte astelehenean, ekainaren 21ean. 2019ko aurrekontu partehartzaileetan herritarrek euren botoen bidez aukeratutako proiektuetako bat da honakoa.

Elgoibarko Udalak jakitera eman duenez, negu sasoirako zein egun euritsuetarako parke edo espazio estali bat sortzea da astelehenean hasiko dituzten lanen helburua, "eraikinak duen estalpea aprobetxatuz eta handituz".
Estalpe berriak, lehendik dagoenera gehituta, gutxi-gorabehera 55 metro koadroko espazio gehigarria estaliko du. Asketa eraikuntza enpresak egingo ditu lanak, eta bi hilabeteko epean amaituta egon beharko du, ikasturte berria hasterako. Gaur izan dute umeek azken eskola eguna eta Udalak oporraldia aprobetxatuko du lanok egiteko. Lanek 44.052,83 euroko aurrekontua izango dute (BEZ barne).

2021 06 18 planoa txanpinoia urazandi elgoibar

2021 06 18 haur eskola urazandi herri eskola elgoibar

2019ko aurrekontu partehartzaileen bigarren fasean hamalau proiekturen artean gogokoenei botoa emateko aukera izan zuten herritarrek, eta boto gehien jaso zituzten bost proiektuak gauzatzeari ekin zion Udalak. Batzuk eginda daude dagoeneko.

  1. Azkue (San Roke) auzorako irisgarritasuna hobetzea “Karakoleko” zubia konponduz: bozka 35.000 euro
  2. Lekueder eta eliza arteko galtzada-harriak kendu eta zoladura aldatzea: 45.000 euro
  3. Neguko parkea egitea Urazandin. Herri Eskolako eskolaurrearen estalpea aprobetxatuz eta handituz: 50.000 euro
  4. Umeen parkeetan hobekuntzak egitea: 50.000 euro
  5. Aizkorri eta Urazandi arteko bidearen azken zatia berritzea: 40.000 euro