Kiroldegiaren ondoan igogailu publiko bat eraikitzeko lanen lizitazio prozesua martxan da

Barren.eus 2021ko mar. 22a, 16:44

Olaizaga kiroldegiaren eta igerilekuak handitzeko egiten ari diren eraikin berriaren artean igogailu publiko bat ipiniko dute. Udalaren asmoa da datozen hilabeteotan eraikuntza lanak esleitu eta obrei hasiera ematea.

Igogailuaren eraikuntza lanen lizitazioa lehiaketa publiko bitartez egingo dute, 264.856,28 euroko aurrekontua izango du. Behin lanak esleituta, igogailua sei hilabeteko epean prest izatea aurreikusi du dute udal arduradunek. Zehaztu dutenez, proiektuaren helburua San Roke kalearen eta Olaizaga kiroldegiko aparkalekuaren arteko oinezko lotura hobetu eta eremuko irisgarritasuna bermatzea.

Olaizaga kiroldegia dagoen eraikinaren eta igerileku estaliak handitzeko eraikitako eraikin berriaren artean ipiniko dute igogailu publikoa. Igogailura San Roke kaletik edota igerileku berrien estalkiaren gainean dagoen aparkalekutik sartu ahal izango da.
 • Eskailera berriak
Igogailuaz gainera, eskailera berriak ere eraikiko dituzte, eraikin berriaren aurrealdean. Eskaileretara San Roke kaletik sartu ahal izango da, baita kiroldegiko eraikin berriaren hego-mendebaldetik ere.
Elgoibarko alkate Ane Beitiaren berbetan, Kiroldegiko igogailuaren jarraipen naturala da. "Oinezkoentzako ibilbide irisgarri bat eraikitzen du Maalako parketik Arreiturre etxeekin lotu arte, eta erdialdea Erretsundi bezalako auzo garaietara hurbiltzen da. Horrela, irisgarritasuna eta oinezkoen mugikortasuna erabat autonomoa eta erosoa izatea ziurtatzen dugu, Elgoibarko herritarren bizi-kalitatea nabarmen hobetuko duena".

2021 03 22 kiroldegia elgoibar infografia

∞Lotura duten albisteak: