Urazandiko igogailuko lanengatik, trafiko mozketak

Barren.eus 2021ko urt. 28a, 11:10

Datozen egunetan ipiniko dituzte Urazandin eraikitzen diharduten igogailu publikoko egitura metalikoak eta pasabideak, eta lan horiek direla-eta trafikoa moztuko dute, tarte labur batzuetan bada ere.

Bihar, hilak 29, jarriko da goiko igogailuaren egitura metalikoa eta otsailaren 3an ipiniko dira beheko igogailuaren eta pasabidearen egiturak. Trafikoa moztuko da bi egun horietan, ordubetez: barikuan 9:30etik 10:30era eta, otsailaren 3an berriz, 9:30etik 10:30era eta 14:00etatik 15:00etara.

Elgoibarko Udalaren hirugarren Irisgarritasun Planean jasotzen den proiekturik azpimarragarrienetako bat da Urazandiko igogailu publiko hau. Gune horretan zeuden eskailera mekanikoak kendu eta igogailuak eraikitzen ari dira. Udalak guztira 423.066,05 euroko inbertsioa egin du auzotarren mugikortasuna errazteko eta Elgoibar irisgarriagoa egiteko. "Helburua da herriaren irisgarritasuna hobetzea eta inguruko hainbat herritarrek helarazitako eskaerei erantzutea", azaldu dute. Bi igogailuen instalazioarekin batera, ingurua berrurbanizatzeko hainbat lan ere egingo dira, hala nola, hobekuntzak euri-uren saneamenduan eta argiteria sarean. Gainera, led teknologiako bi argi puntu berri ipiniko dituzte.

Goiko igogailuaren egitura metalikoa goiko sartze-kotatik jarriko dute kamioi baten laguntzaz, eta, ondorioz, 9:30etik 10:30era trafikoa eten egingo dute egitura altxatzean. Gainerako denboran, errei gaitu bat mantenduko da, bi noranzkoetan zirkulatu ahal izateko. Seinaleztapena jarriko da trafikoa erregulatzeko.
Otsailaren 3an jarriko da lehen igogailuaren eta pasabidearen egitura. Goizean igogailua ipiniko da eta pasabidea, berriz, arratsaldean. Bi egiturak beheko sarbidearen kotan ezarriko den autogarabiaren bidez jarriko dira. Kasu honetan ere, ibilgailuen zirkulazioa ordubetez moztea aurreikusten dute egitura bakoitzerako (9:30-10:30 eta 14:00-15:00). Gainerako denboran, errei gaitu bat mantenduko da, noranzko bietan seinaleztapenaren bidez zirkulatu ahal izateko.

2021 01 28 igogailua elgoibar urazandi obretan 1

 ∞Lotura duten albisteak: