“Karakoleko” zubia itxita egongo da martitzenetik aurrera, eraberritze lanak hasiko dituztelako

Barren.eus 2020ko aza. 13a, 14:22

San Roke auzoko irisgarritasuna hobetzeko “Karakoleko” zubia eraberritzeko lanak hasiko ditu Udalak martitzenean, azaroaren 17an. Hori dela eta, oinezkoen pasabidea itxita egongo da obrak iraun bitartean.

Elgoibarko Udalak eginiko aurreikuspenen arabera, lanok bizpahiru hilabete inguruko iraupena izango dute. Udalak guztira 105.377 euro (BEZa barne) bideratuko ditu 2019ko partaidetza bidezko aurrekontuetan boto gehien jasotako proiektu hau gauzatzeko. Hain justu ere, gaur hasi da 2021eko udal aurrekontuak osatzeko prozesu parte hartzaile berria.

Azaldu dute udal arduradunek zubia erabilgarri eta “egoera funtzional onean” dagoen arren, denboraren joana igartzen dela egituran. Zehaztu dutenez, egitura, gailur, baranda, estaldura, zoladura zein argiztapenari eragiten dizkioten zenbait gaitz ditu. Itxurari dagokionez, gaur dituenak baino kolore tonu argiagoetan margotuko dute zubia.

∞Lotura duten albisteak: