Autobusaren inguruko eztabaidari uko egitea aurpegiratu dio EH Bilduk Udal Gobernuari

Barren.eus 2020ko aza. 3a, 10:57

Herrirako autobus zerbitzu integrala ezartzeko alderdiekin eta auzotarrekin elkarrizketa abiatzeko hartutako konpromisoa "modu aldebakarrean apurtu" duela aurpegiratu dio Elgoibarko EH Bilduk Udal Gobernuari.

EH Bilduk dio auzo guztietara iritsiko den udal autobus zerbitzu bat udalerrian martxan jartzeko aukeraren inguruan talde politiko eta bizilagunekin hasitako eztabaida bere kabuz amaitzea erabaki duela Elgoibarko Udal Gobernuak. Ezker subiranistaren iritziz, Elgoibarrentzat oso albiste txarra da hori, zerbitzu publiko bat ukatzen baitzaie herritarrei. "Erdigunetik eta tokiko merkataritzatik urrun bizi diren bizilagunen bizi-kalitatea hobetuko luke, elgoibartar horiek erdigunean dauden zerbitzu publikoetara eta hango merkataritzara hurbilduko bailituzke", azaldu dute. EH Bilduren ustez, ulergaitza da udal gobernuaren jarrera.

Zehaztu dutenez, elkarrizketak eta eztabaida hasi orduko eman dituzte amaitutzat. "Joan den ostegunean gobernu taldeak bidalitako mezu elektroniko bat jaso genuen, gure ekarpenak eskertuz eta eztabaida amaitutzat ematen zuela adieraziz. Minutu batzuk geroago, Udalak ohar bat argitaratu zuen, Urazandiko bizilagunei eskainitako autobus zerbitzua igogailuaren obrek irauten duten bitartean zabaltzen zuela azalduz; hau da, autobusa Melitonera iritsiko da, horrela zerbitzua emanez Iñigez de Karkizao eta San Pedroko bizilagunei; era berean, autobusak beste geltoki bat izango du Herri Eskolan, eskatzen genuen bezala. Zerbitzuaren ordutegiak ere zabaldu egin dira. Beti da albiste ona zerbitzua zabaltzea, eta ikusten dugu egiten ari garen lana emaitzak ematen ari dela. Horrenbestez, autobus zerbitzua baliatu ahal izango duten herritarrak zoriondu nahi ditugu", azaldu dute.
EH Bilduk martxan dagoen autobus zerbitzu honen iraupenean jarri du fokua. "Udalaren komunikatuak azaltzen duenez, autobus zerbitzua Urazandiko igogailuak eraikitzeko lanek irauten duten bitartean bakarrik mantenduko da. Lanak amaitutakoan, Elgoibarren ez da udal autobus zerbitzurik egongo. Hori, zalantzarik gabe, oso albiste txarra da Elgoibarrentzat eta, bereziki, orain autobus-zerbitzuaz gozatzen ari diren herritarrentzat".

EH Bilduk gogorarazi nahi du Elgoibar osoa hartzen duen autobus zerbitzu integrala ezartzeko aukeraren inguruko eztabaida gobernu-taldearekin lortu zuten akordioaren ondoren hasi zela, eta aukera hori balego, datorren urtean zerbitzua hasi ahal izateko partida ekonomiko bat sartuko litzatekeela. EH Bilduk nabarmendu du akordio horren truke erretiratu egin zutela iraileko osoko bilkuran eztabaidaitzeko erresgistratu zuten mozioa. "Orain, aldez aurretik abisatu gabe, EAJ-PSEko gobernu taldeak negoziazioak hautsi eta eztabaida amaitu du. Hau da, edukien gaineko benetako eztabaida hasten zenean. EH Bildutik gobernu-taldeko alderdiei eskatzen diegu hausnarketa sakona egin dezatela jarduteko modu horiei buruz eta horrek elgoibartarrengan dituen ondorioei buruz. Kezkatuta gaude klase politikoa ez delako gai emandako hitza betetzeko, ez bakarrik EH Bilduri baizik eta Elgoibarko herritar guztiei. Elgoibar osorako autobus zerbitzu integrala ezartzeko aukera aztertzeko konpromisoa Elgoibarko herritar guztiekin hartu zuten, ez EH Bildurekin bakarrik. Horregatik guztiagatik, negoziazioei eta eztabaidari berrekiteko eskatzen diogu gobernu-taldeari; izan ere, gai hain garrantzitsu batek, milaka auzotarri eragiten dienak, ezin du horrela amaitu. EH Bildun eztabaidatu, negoziatu eta irtenbide onenak bilatu nahi ditugu herritarrentzat. Hori izan da beti gure jarrera", adierazi dute.

 • EH Bilduren proposamena
EH Bilduk proposamen bat aurkeztu zuen eztabaidarako, alderdi politikoekin eta eragileekin izandako elkarrizketetan. Proposamenak lau zerbitzu-linea jasotzen ditu. Honako hauek:

  1. MAALA-URAZANDI-PLAZA TXIKIA-MAALA (Maala, PSOEren egoitza, Urazandi gaina, PSOEren egoitza, Maala, Plaza Txikia, Maala)
  2. MAALA-ERRETSUNDI-PLAZA TXIKIA-MAALA (Maala, IMH, Mintxeta, Erretsundi, Arregitorre, Maala, Plaza Txikia, Maala)
  3. MAALA-SAN ANTOLIN-SAN PEDRO-KRUZELAEGI-MAALA-ERRETSUNDI-PLAZA TXIKIA-MAALA (Maala, Apeadero, tunela, San Pedroko iturria, Usatorre, San Pedroko iturria, Kruzelaegiko igogailua, Maala, IMH, Mintxeta, Erretsundi, Arregitorre, Maala, Plaza Txikia, Maala)
  4. MAALA-URAZANDI-SANTA KLARA-PLAZA TXIKIA-MAALA (Maala, PSOEren egoitza, Urazandi gaina, PSOEren egoitza, Santa Klara geltokia, Santa Klara denda, Maala, Plaza Txikia, Maala)

EH Bilduk autobus zerbitzua astelehenetik ostiralera 7:30etik 20:30era eta larunbatetan 9:00etatik 13:00etara eskaintzea proposatu du.

Euren proposamena eztabaidatu ere ez zela egin dio EH Bilduk. Proposamen irekia dela defendatu dute, eta udalerriko beste auzo batzuetara zabaldu eta birformulatu daitekeela. Adibidez, EH Bilduk ez ditu Sigma edo Altzola sartu bere proposamenean, Lurraldebusekin auzo horretara autobus zerbitzua eskaintzeko aukera aztertuko zuela adierazi baitzuen gobernu taldeak.

EH Bilduk argi dauka Elgoibarko auzoetarako autobus zerbitzu integrala behar dela, eta hori lortzeko lanean jarraituko dutela esan dute. "Gure udalerriak behar duen inbertsioa da, zentrotik urrutien bizi diren pertsonen eta mugikortasun urriko bizilagunen bizi-kalitatea hobetzeko, bai eta tokiko merkataritza sustatzeko ere. Espero dugu gobernu-taldeak aukera hori alferrik ez galtzea eta eztabaidari eta elkarrizketei berriro ekitea. Albiste ona litzateke Elgoibarrentzat".

∞Lotura duten albisteak: