Herriko autobus zerbitzuak geraleku gehiago izango ditu astelehenetik aurrera

Barren.eus 2020ko urr. 29a, 15:49

Herritarren iradokizunak jaso ostean, herrirako autobus zerbitzua hobetzeko hartu dituzten neurriak jakinarazi ditu Elgoibarko Udalak. Geraleku gehiago izateaz gainera, zapatu goizetan ere emango du zerbitzua.

Pasa den abuztuaren 10ean bi igogailu publiko eraikitzeko lanak hasi zituen Elgoibarko Udalak Urazandiko irisgarritasuna hobetzeko helburuarekin. Obren hasierarekin batera, auzoko bizilagunen mugikortasuna erraztu eta lanek ahalik eta kalte gutxien eragiteko asmoarekin, Udalak herri barrurako autobus zerbitzu bat jarri zuen martxan, obrek iraun bitartean martxan egongo dena. 

Udaletik jakinarazi dute zerbitzuaren bilakaera eta beharrak aztertu dituztela orain arte martxan egon den hilabeteetan, eta horrekin batera, zerbitzuaren "benetako erabilera" baloratu da eta erabiltzaileen iritziak jaso. “Orokorrean erabiltzaileek balorazio baikorra egin dute, jendea gustora dago eta Udalak ez du kexa aipagarririk jaso. Hala ere, auzotarren, Uzrazandiko auzo-elkartearen eta udal taldeen ekarpenak jaso eta aztertu ditugu. Hala, zerbitzuan hainbat aldaketa eta hobekuntza egin ditugu, datorren astelehenetik aurrera martxan egongo direnak”, adierazi du Iosu Arraiz hirigintza zinegotziak.
 • 5.500 bidaiatik gora
Arraizek azpimarratu du autobusa martxan jarri zenetik, 5.500 bidaiatik gora izan dituela. Irailan eta urrian erabili da gehien zerbitzua eta Urazandiko igoera izan da gehien egindako ibilbidea. Hala, erabilera guztien artetik %80a Urazandira igotzeko izan da. Horrez gain, bidai bakoitzak 2,5 euro pasatxoko kostua izan du Udalarentzat.
Hobekuntzei dagokionez, astelehenetik aurrera herriko beste puntu batera zabalduko dute zerbitzua, probaldia egiteko, eta ordutegian zein egutegian ere aldaketak izango dira:

  • Zerbitzuetako batek Herri Eskolan egingo du geraldia (Kalamua kaleari zerbitzua emateko)
  • Aita Agirretik bi zerbitzu irtengo dira (zerbitzuak funtzionatu ahala eta denborak ikusita, baliteke geraleku hau ere gehitzea besteetan)
  • Lerro berri bat sortuko da, Maala eta Meliton artekoa. Horrela, San Pedroko bizilagunei eta Iñigez Karkizao kaleko auzotarrei gerturatuko diete zerbitzua.
  • Zapatu goizetan ere martxan egongo da herriko autobus zerbitzua: 10:00etatik 13:00etara.

Ordutegia:

  • Astelehenetik ostiralera: 10:00-13:00 (azken zerbitzua) eta 17:00-20:00 (azken zerbitzua) astelehenetik ostiralera.
  • Larunbatetan: 10:00-13:00 (azken zerbitzua)
  • Jaiegunetan ez da zerbitzurik izango.

. Ibilbideak eta odutegia: (beltzez puntu berriak)

  • Puntuan (00’): Maalako biribilgunea - Herri Eskola – PSE-EEko egoitza - Urazandi gaina (tontodromoa) – PSE-EEko egoitza - Maalako biribilgunea - Aita Agirre
  • Eta hogeian (20’): Aita Agirre - Maalako biribilgunea – Erretsundi - Maalako biribilgunea
  • Eta erdietan (30’): Maalako biribilgunea – Meliton - Maalako biribilgunea - Aita Agirre
  • Eta hogei gutxitan (40’): Aita Agirre - Maalako biribilgunea – PSE-EEko egoitza - Urazandi gaina (tontodromoa) – PSE-EEko egoitza - Maalako biribilgunea


2020 10 29 Autobus zerbitzua elgoibar maala

∞Lotura duten albisteak: