Hasi dituzte Azpilgoeta auzoa eraberritzeko lanak, eta gutxienez lau hilabetez luzatuko dira

Barren.eus 2020ko urr. 7a, 14:22

Azpilgoeta auzoa eraberritzeko lanak hasi ditu Mendaroko Udalak. Funtsean, erabilgarri ez diren espaloi estuak, gune aldapatsuegiak eta koxka ugariak kenduko dituztela jakinarazi dute, auzoa pertsona ororentzat irisgarria izan dadin.

Joan den astelehenean, urriaren 5ean, hasi zituzten Azpilgoeta auzoa eraberritzeko lanak. Lizitazio publikoa irabazi ostean, Egurki enpresak egingo ditu, eta lau hilabetetako epea dute lanak gauzatzeko. Udaletik azaldu dutenez, pertsona ororentzako irisgarritasuna bermatzea da eraberritze proiektuaren ardatza, eta, hortaz, eremu osoa maila berean jarriko dute, espaloiak jaitsiz, mailak eta beste elementu batzuk kenduz. "Helburua herritarrak auzoan eroso eta seguru sentitzea da; hori dela eta, oinezkoentzako guneak zabalduko dira eta ibilgailuen pasabidea kendu nahi da, ingurua oinezkoentzako gune segurua izan dadin", adierazi dute.

Laurel zaharra dagoen parkearen eremua handitu egingo da, eta, horrela, gune hori erdiguneko plaza bihurtuko da. Berdegune berriak sortuko dituzte, lorontzi, zuhaixka, banku eta abarrekin, bizikidetza eta belaunaldien arteko harremanak sustatzeko. Autoentzako aparkaleku kopurua mantenduko da.
Azpilgoeta auzo erdigunean 2.570 metro koadrori eragiten dien lan hauek 282.504,83 euroko aurrekontua dute, BEZ gabe.

Irisgarritasun lanez gain, Ur Zerbitzuarekin elkarlanean, euri-uren eta ur beltzen sarea ere berrituko dute, eta baita egungo hoditeria ordezkatu ere.

2020 10 07 azpilgoeta obrak mendaro udala

∞Lotura duten albisteak: