Zabalik dago berriro Lekuederretik Kalegoen plazarako pasabidea

Barren.eus 2020ko ira. 18a, 13:39

Lekueder eta parrokia arteko galtzada hobetzeko lanak bukatzeko azken ukituak falta dira, eta dagoeneko ireki dute obrengatik itxita zegoen Lekueder eta Kalegoen plaza arteko pasabidea.

Lekueder eta San Bartolome eliza arteko galtzada-harriak kendu eta zoladura aldatzeko lanetan ari da Udala. Joan den abuztuaren 17an hasi zituzten lanekin inguruneko irisgarritasuna eta segurtasuna hobetu nahi dute. 2019ko aurrekontu partehartzaileetan bozka gehien jaso zuen bigarren proiektua izan zen (276 puntu), Azkue (San Roke) auzorako irisgarritasuna hobetzeko “Karakoleko” zubia konpontzeko proiektuaren atzetik (346 puntu). 

2020 09 18 lekueder galtzada obrak

Udalak guztira 45.210 (BEZa barne) euro bideratu ditu hobekuntza lan hauetara, eta Landa e Imaz enpresak egin ditu.
Galtzada-harriak kendu eta behin nibelak edo maila egokiak ipinita (aurrez sortzen ziren putzurik berriro ez sortzeko), akabera inprimatua duen hormigoi armatua erabili dute zoladura bezala. Inguruan duen galtzada-harriaren forma berdina emang diote. Era berean, egoera txarrean dauden saretak ere aldatu dituzte. Lan horiekin, hobekuntza estetikoa ez ezik, gune honetako segurtasuna eta irisgarritasuna handitzea da helburua, Hirigintza Saileko arduradunen esanetan.

2020 09 18 lekueder galtzada obrak 2