Segurtasun publikoa bermatzeko bi eraikin partzialki eraisteko lanak hasi ditu Udalak San Pedro kalean

Barren.eus 2020ko ira. 9a, 09:37

Udal Zerbitzu Teknikoek egindako txosten baten arabera, San Pedro kaleko bi eraikin behera erortzeko arriskua "berehalakoa" da, eta ondorioz, neurriak ahalik eta lasterren hartu behar dira. Hori dela eta, Udalak eraisketa eta hobekuntza lanak subsidiarioki gauzatzea erabaki du, segurtasun publikoa eta inguruko pertsonen eta ondasunen osotasuna bermatzeko.

Elgoibarko Udalak gaur, irailak 9, hasi ditu San Pedro kaleko 5. eta 6. zenbakietako eraikinak partzialki eraisteko lanak. Udal arduradunek jakinarazi dutenez, duela bost urte, eraikinen teilatua erori egin zen etxebizitzen barrualdera, eta bide publikora erortzeko arriskua zegoen. Udalak babeseko markesina bat jarri zuen eraikinen perimetroan, oinezkoen ziurtasuna bermatzeko.

2019ko azaroan beste ikuskapen-bisita bat egin zuten teknikoek, eta eraikinen teilatua barrualderantz hondoratuta zegoela ikusi zuten. Eraikinaren egituran eragiteaz gainera, oinezkoen segurtasuna arriskuan zegoela ondorioztatu zuten, erlaitza, erretena eta txintxorrak bide publikora erortzeko arriskua baitzegoen.
Hori ikusita, hilabete horretan bertan, Udalak etxebizitza horien erregistro-jabea den Elgoibarko San Pedro S.A. enpresari eskatu zion San Pedro kaleko 5. eta 6. zenbakietako etxebizitzen teilatua berreraikitzeko obrak egiteko, hondoratzea gertatu zen tokian, bai eta egoera txarrean zeuden itxiturak konpontzeko eta eraikin horien egitura eta segurtasuna arriskuan jar dezaketen akatsak zuzentzeko. "Emandako hilabete bateko epea igarota, enpresak ez zuen ez idazkirik ez proiekturik aurkeztu Udalean", azaldu dute udaletik. Udalak jakinarazi du duela hilabete batzuk hasitako desjabetze espedientea irekita duela.

 • 25.000 euroko inbertsioa
Udal Zerbitzu Teknikoek 2020ko irailaren 3an beste bisita bat egin zuten, eta berriro ere egiaztatu zuten 5. eta 6. eraikinen teilatuak hondoratzeak dituela, "4. eraikinaren mehelinaren ondoan eta iparraldean, 6. zenbakiko jabetzaren gainean. Beraz, une honetan, gailurra eta oraindik erori ez den teilatuaren zatia 5. eta 6. etxebizitzen mehelinean bakarrik bermatzen dira, eta ez dago ziurtatuta teilatuaren egonkortasuna. Mugimendu horiekin batera, teilatu-hegaleko erretenaren zati handi bat eta txintxorrak bat askatu dira. Halaber, eraikinak abandonatuta eta perimetroan hesituta daude, eta, gainera, espaloian babes-markesina bat dago. Teilatuko aipatutako arazoez gain, hainbat hutsune daude".
Egoera baloratu eta gero, Udalak 25.000 euroko inbertsioa egingo du berehalako salbuespenezko ondorengo neurriak hartzeko:

  • Eraikinen fatxadan finkatutako instalazioak kentzea.
  • Lehen solairuko teilatua eta fatxada eraistea, mugakideei eta kontserbatu beharreko elementuei ez eragiteko baliabide lagungarri egokiekin.
  • Behe-solairuko eta mehelineko fatxada kontserbatzea.
  • Beheko solairua garbitzea.
  • Fatxadan harrizko mentsulen elementuak berreskuratzea, ondoren berreraikitzeko.
  • 4. zenbakiko eraikinarekiko mehelina babestea, isolamendu termikoa emanda.
  • Beheko solairuan fatxadako baoak ixtea, hormaz.
  • Orubea drainatzeko sistemak ezartzea.

Ryde Obras y Servicios enpresa arduratuko da hobekuntza horiek egiteaz. Obrek 3 edo 4 egun iraungo dute eta eguraldi ona aprobetxatuko da lanak lehenbailehen egiteko.

2020 09 09 San pedro kalea etxeak eraitsi elgoibar udala 1