Herri barruko autobus zerbitzua martxan izango da Urazandin igogailu publikoa ipintzeko lanak amaitu artean

Barren.eus 2020ko ira. 3a, 14:12

Abuztuan hasi zituzten Urazandi auzoko eskailera mekanikoak bi igogailurekin ordezkatzeko lanak. Obrak iraun bitartean auzotarrentzako autobus zerbitzua jarri du Udalak martxan, Urazandiko bizilagunen irisgarritasuna bermatzeko eta obrek ahalik eta kalte gutxien eragiteko.

Urriaren 16ra arte egongo da martxan herri barruko autobus zerbitzu hori. 20 plazako autobus bat da (pertsona ezgaituentzat egokitua). Epealdi honetan eskaria aztertuko du Udalak, eta zerbitzuaren benetako erabilera neurtuko du, aurrerantzean zein baliabide jarri behar diren erabakitzeko. 

  • Ordutegia eta ibilbidea: 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 19:00etara egongo da martxan autobusa, astelehenetik ostiralera. Hiru ibilbide egiten ditu autobusak orduro: puntuan, Txarriduna biribilgunetik Urazandira; eta hogeian, Txarriduna biribilgunetik Erretsundira, eta hogei gutxitan, Txarridunako biribilgunetik Urazandira.


 • Obren xehetasunak
Construcciones Otegui Gaztañaga, S.L. enpresari esleitu dizkio Udalak lanak 423.066,05 euroren truke (BEZ barne) eta zazpi hilabeteko epea izango du, obra gauzatzeko. Urazandiko auzotarren irisgarritasuna bermatzeko 1 eta 9 zenbakietako blokeen artean bi igogailu jarriko dituzte. Gaur egun, Urazandi auzoan dauden desnibelak gainditzeko 6 eskailera mekaniko daude. Obra honekin oinezkoen kopuru handiena ibiltzen den lehenengo bi eskailera zatiak ordezkatuko dituzte. Igogailuak instalatzearekin batera, ingurua berrurbanizatzeko zenbait lan ere egingo dituzte: Euri-uren saneamenduan eta argiteria sarean hobekuntzak egingo dituzte, besteak beste.

2020 09 03 autobusa elgoibar obrak igogailua urazandi

∞Lotura duten albisteak: