Abuztuaren 10ean hasiko dituzte Urazandin bi igogailu publiko eraikitzeko lanak

Barren.eus 2020ko uzt. 30a, 08:15

Datorren abuztuaren 10ean hasiko dira Urazandi auzoko lehen bi eskailera mekanikoak 1 eta 9 zenbakietako blokeen arteko bi igogailu publikorekin ordezteko obrak.

 • Autobus-zerbitzua auzotarrentzat

Lanok irauten duten bitartean, auzotarrentzako autobus zerbitzua jarriko dute martxan. Udalaren asmoa da Urazandiko bizilagunei mugikortasuna erraztea, bizilagunak gerturatzea eta obrek ahalik eta eragin gutxien sortzea.

Abuztuaren 10etik urriaren 16ra arte, 20 plazako autobus batek emango die zerbitzua auzotarrei. Pertsona ezgaituentzat egokitua egongo da autobusa. Autobus zerbitxua martxan egongo den lehen aldi horretan erabilera aztertuko du Udalak, "ikusteko zein den zerbitzuaren benetako erabilera eta zein baliabide jarri behar diren gainerako hilabeteetan". Hau da, aldi honek zerbitzuaren bilakaera eta beharrak aztertzeko balioko du, hurrengo hilabeteetan hobetzeko, hala behar izanez gero.

Autobus-zerbitzuaren ordutegia: 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 19:00etara, astelehenetik barikura. Orduro hiru zerbitzu egongo dira: puntuan, txarriduna biribilgunea Urazandi. Eta hogeitan, txarriduna biribilgunea erretxindi. Hogei gutxiagotan, txarriduna biribilgunea Urazandi.

Covid-19ak sortutako alarma egoerak, obra hauen exekuzioa atzeratu du, izan ere, martxoaren 13an ireki zen kontratazio prozeduraren epea eten egin behar izan zen, gainontzeko prozedura administratiboen epeak bezala.

Elgoibarko Udalak gogora ekarri du Udalerriko auzo guztietako irisgarritasuna hobetu eta bermatzeko estrategiako proiektu "garrantzitsuenetako bat" dela honakoa. Udalak onartutako hirugarren Irisgarritasun Planean jasota dago. Irisgarritasunaren arloan udal gobernuaren lehentasunak ezartzen dituen ibilbide-orria da dokumentu hori.

 • Obren deskribapena
Gaur egun, Urazandiko irisgarritasuna eskailera mekanikoekin konpontzen da, eta horrek nabarmen errazten du oinezkoen mugikortasuna auzoko punturik altueneraino. Dena den, eskailera mekanikoek ez dute irisgarritasuna konpontzen auzotar guztientzat. Gurpil-aulkian dauden pertsonek ibilbide irisgarririk gabe jarraitzen dute, Irisgarritasun Legeak ezartzen duen araudiaren arabera. Horrez gain, eskailera mekanikoek mantentze kostu handia dute. Horregatik, Elgoibarko Udalak gaur egungo eskailera mekanikoen ordez igogailuak jartzea erabaki du, aipatutako arazoa konpontzeko.

Gaur egun, Urazandi auzoan dauden desnibelak gainditzeko 6 eskailera mekaniko daude. Obra hauek oinezkoen zirkulaziorik handiena dagokien lehenengo bi eskailera mekanikoak ordeztea aurreikusten dute, desnibel berberak gainditzen dituzten bi igogailurekin. Desnibel hauek 10 metro ingurukoak dira beheko igogailuaren kasuan eta 4 metro ingurukoak goikoaren kasuan. Bi igogailuak egungo eskailera mekanikoen kokaleku berean ipiniko dira hau da, Urazandiko 1. eta 9. blokeen artean.

Lehen igogailuak 14 metro inguruko altuera du guztira, eta 1.500 kg eta 20 pertsonentzako lekua izango du. Azken desnibela 8,35 metroko igogailu batek salbatuko du. Aurreko igogailuak bezala, 1.500 kg eta 20 pertsonentzako edukiera izango du. Igogailura sartzeko, beheko espaloiari lotutako egonaldi eremu txiki bat sortuko da.

Aipatu beharra dago Urazandiko bi igogailu hauen instalatzearekin batera ingurua berrurbanizatzeko zenbait lan ere egingo dituztela. Euri-uren saneamenduan eta argiteria sarean hobekuntzak egingo dituzte, besteak beste. Proposatutako sare berriak Led teknologiako 7 argi puntu berri eta birjarri beharreko beste bat ditu. Gaur egun hiru puntu baino ez daude.

2020 07 30 Urazandi igogailua planoa elgoibar udala

 • Obren eragina
Era berean, obrek hainbat eragin sortuko dituzte. Ibilgailuen zirkulazioari dagokionez, bai beheko kalean bai goiko kalean, kamioien zamalanek eta garabien posizionamenduak eragina izango dute batzuetan. Beheko kalean, obraren gunean, jaitsierako errailaren zirkulazioa moztuko da. Hala ere, noranzko bikoitza mantenduko da obra osoan, zamalanetako jarduketa puntualetan izan ezik. Horretarako, zirkulazio errail gisa gaituko da Morkaiku kalerantz ezkerretarantz biratzeko erraila, jaisteko noranzkoan. Goiko kalean, aldi baterako kenduko da jarduteko gunearen parean dagoen elbarrientzako aparkalekua. Aldi baterako egun dauden beste aparkalekuetako bati egokituko zaio. Gainera, beheko kaleko 5 aparkaleku inguru okupatuta egongo dira obrak irauten duten bitartean, hondakinen edukiontziak eta obra-etxolak jartzeko.

Oinezkoen zirkulazioari dagokionez, eskailera finkoetatik pasabidea irekita mantenduko da, zenbait alditan izan ezik; kasu horietan, aldi baterako ezin izango da igaro. Horrelakoetan oinezkoentzako ibilbide alternatiboa dago Urazandi kaleari jarraituz. Bai beheko espaloia eta bai goikoa moztuta geratuko dira obrak egiten ari diren guneetan. Bi kasuetan, ibilbide alternatibo bat dago aurreko espaloitik, baina goiko espaloiaren kasuan, aldi baterako bi zebra-bide margotu beharko dira.

2020 07 30 2019 11 13 2019 05 21 igogailua eaj elgoibar urazandi