Bi igogailu publiko eraikiko dituzte Urazandin, auzoko irisgarritasuna hobetzeko

Barren.eus 2020ko mai. 11a, 13:47

Elgoibarko Udalak lizitaziora atera ditu aste honetan Urazandi auzoan bi igogailu eraikitzeko lanak. Gaur egun dauden eskailera mekanikoak ordezkatuko dituzte igogailuek.

Urazandiko 1 eta 9 zenbakietako blokeen arteko bi eskailera mekanikoak kendu eta bi igogailu publiko jartzeko obrak lizitaziora atera ditu Elgoibarko Udalak. Lanek 696.060 euroko (BEZ barne) aurrekontua dute eta lanak amaitzeko zazpi hilabeteko epea izango du lizitazioa eskuratzen duen enpresak. Eskaintzak aurkezteko epea ekainaren 2an amaituko da. Udalak lanak irailean zehar hastea aurreikusiten du. 

Covid-19aren ondorioz indarrean jarri zuten alarma egoerak, obra hauen exekuzioa atzeratu du, izan ere, martxoaren 13an ireki zen kontratazio prozeduraren epea eten egin behar izan zuen Udalak, gainontzeko prozedura administratiboen epeeekin gertatu den moduan, Udaletik zehaztu dutenez. Espainiako Gobernuak aste honetan laga du bertan behera kontratazio epeen etete agindua, eta hori jakin bezain laster argitaratu du Udalak berriro kontratatzailearen profilean.
Elgoibarko Udaleko arduradunen berbetan herriko auzo guztietako irisgarritasuna hobetu eta bermatzeko estrategiako proiektu garrantzitsuenetako bat da honakoa, zeina Udalak onartutako hirugarren Irisgarritasun Planean jasota dagoen. Dokumentu hori da irisgarritasunaren arloan udal gobernuaren lehentasunak markatzen dituen ibilbide-orria. "Bi igogailu hauek inguruko herritar askok helarazitako eskariei erantzuten diete, eta proiektua idatzi ondoren, Udala prest dago lanak lizitatzeko".

2020 05 11 Urazandi igogailua planoan elgoibar udala
 • Obren nondik norakoak
Elgoibarko Udalak azaldu du eskailera mekanikoek ez dutela auzotar guztientzako irisgarritasuna bermatzen. "Gurpil-aulkian dauden pertsonek ibilbide irisgarririk gabe jarraitzen dute, Irisgarritasun Legeak ezartzen duen araudiaren arabera. Horrez gain, eskailera mekanikoek mantentze kostu handia dute". Horregatik, Elgoibarko Udalak gaur egungo eskailera mekanikoen ordez igogailuak jartzea erabaki du, aipatutako arazoa konpontzeko. Une honetan sei eskailera mekaniko tarte daude Urazandin.
 • Igogailuen ezaugarriak
Lehen igogailuak, zubitik gertuen dagoenak, 14 metro inguruko altuera izango du, eta 1.500 kilo garraiatzeko aukera eta 20 pertsonentzako lekua izango du. Azken desnibela 8,35 metroko igogailu batek salbatuko du. Aurreko igogailuak bezala, 1.500 kg eta 20 pertsonentzako edukiera izango du. Igogailura sartzeko, beheko espaloiari lotutako egonaldi eremu txiki bat sortuko da.
 • Ingurua berrurbanizatzeko lanak
Igogailuak ipintzearekin batera, ingurua berrurbanizatuko du Udalak. Euri-uren saneamenduan eta argiteria sarean hobekuntzak egingo dituzte, besteak beste. Proposatutako sare berriak Led teknologiako zazpi argi puntu berri eta birjarri beharreko beste bat ditu. Gaur egun hiru argi puntu baino ez daude.
 • Zirkulazioan eragina
Era berean, obrek hainbat eragin sortuko dituzte. Ibilgailuen zirkulazioari dagokionez, bai beheko kalean bai goiko kalean, kamioien zamalanek eta garabien posizionamenduak eragina izango dute batzuetan. Beheko kalean, obraren gunean, jaitsierako errailaren zirkulazioa moztuko da. Hala ere, noranzko bikoitza mantenduko da obra osoan, zamalanetako jarduketa puntualetan izan ezik. Horretarako, zirkulazio errail gisa gaituko da Morkaiku kalerantz ezkerretarantz biratzeko erraila, jaisteko noranzkoan. Goiko kalean, aldi baterako kenduko da jarduteko gunearen parean dagoen elbarrientzako aparkalekua. Aldi baterako egun dauden beste aparkalekuetako bati egokituko zaio. Gainera, beheko kaleko bost aparkaleku inguru okupatuta egongo dira obrak irauten duten bitartean, hondakinen edukiontziak eta obra-etxolak jartzeko.
Oinezkoen zirkulazioari dagokionez, eskailera finkoetatik pasabidea irekita mantenduko da, zenbait alditan izan ezik; kasu horietan, aldi baterako ezin izango da igaro. Horrelakoetan oinezkoentzako ibilbide alternatiboa dago Urazandi kaleari jarraituz. Bai beheko espaloia eta bai goikoa moztuta geratuko dira obrak egiten ari diren guneetan. Bi kasuetan, ibilbide alternatibo bat dago aurreko espaloitik, baina goiko espaloiaren kasuan, aldi baterako bi zebra-bide margotu beharko dira. Azpimarratu beharra dago ere, autobus zerbitzua ipiniko dela obrak irauten duten bitartean, herritarrak auzora gerturatzeko. Obra hasiera gerturatzean zehaztuko dira maiztasunak eta puntuak. Gobernu taldearen helburua, obrek herritarrengan ahalik eta eragin gutxien sortzea da.

2020 05 11 Urazandi igogailua planoa 2 elgoibar udala