Goñati eraikinean gimnasioa zabaltzeko lehiaketa jarri du abian Mendaroko Udalak

Barren.eus 2020ko mar. 10a, 12:22

Beste urrats bat eman du Goñati eraikineko bigarren solairuan eraikiko duten gimnasioaren proiektuak, Mendaroko Udalak gimnasioa egiteko lanak lehiaketara atera baititu.

Goñati eraikineko bigarren solairuan eraikiko duten gimnasioak 98 metro koado izango ditu. Azpiegitura berri hau gauzatzeko lanak lehiaketara atera ditu Mendaroko Udalak. Helburua da zerbitzuaren kudeaketa esleitzea bi urtetarako, beste bi urte luzagarrirekin. Martxoaren 16a bitarte aurkez ditzakete proposamenak interesdunek. Lizitazio prezioa urteko 42.300 eurokoa da.

Lizitazioaren oinarri teknikoetan zehazten denez, jendearentzako ordutegia honako hau izango da, gutxienez: astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 13:00etara, eta 17:00etatik 21:00etara; Larunbatetan: 10:00etatik 13:00etara. Ordutegi eta egun hauek aldatu ahal izango direla zehaztu dute, zerbitzuaren eskaeraren arabera eta bi aldeen erabaki bateratuarekin. Zerbitzua urte osoan egongo da zabalik, abuztuan izan ezik.
Emakidadunak kontratua betetzeko giza baliabide edo bitarteko material nahikoa erabiltzeko edo atxikitzeko betebeharra izango du. Gainera, materialei dagokienez, besteak beste, eta bereziki, fitness eta muskulazio-makinen gimnasioa hornitu beharko du, erabiltzaileen eskakizunen arabera berritu ahal izateko.
Mendaroko Udalak jakinarazi duenez, maiatzaren bueltan gimnasioa zabaltzea da euren helburua.

∞Lotura duten albisteak: