Altzola auzoan eta Albitzuri industrialdean hainbat hobekuntza egingo dituzte

Barren.eus 2020ko mar. 2a, 11:31

Elgoibarko udalbatzarrak aho batez onartu du Altzolan eta Albitzurin hainbat hobekuntza egitea, besteak beste, zuntz optikoa ipintzea Altzola auzoan eta argiteria eta irisgarritasuna hobetzeko lanak egitea Albitzuri industrialdean.

 Otsailaren 26an ospatu zuten osoko bilkuran onartu zituen udalbatzarrak Altzolarako eta Albitzurirako hobekuntzak. Industrialdeari dagokionez, Albitzurirako bidean argiteria hobetzeko proiektua idazteko konpromisoa hartu du Udal Gobernuak, luze jota hiru hilabeteko epean. Era berean, urtea bukatu aurretik, Albitzurira iristeko oinezkoen bidea egiteko proiektua garatzeko konpromisoa hartu du Udal Gobernuak, irisgarritasuna eta segurtasuna bermatzeko. Hobekuntza horiek jasotzen dituen mozioa aho batez onartu zuen udalbatzarrak, EAJ, PSE-EE, EH Bildu eta Ekarrekin Podemosen babesarekin.
Altzolan egingo dituzten hobekuntzei dagokionez, honakoak dira Udal Gobernuak harturiko konpromisoak:

  1. Altzolara zuntz optikoa eramateko aukerak ikusi eta aztertu ondoren, Altzolako auzoa txuritzeko prozesuarekin hastea urtea bukatu aurretik, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera lankidetzan. Behin txuritze hori eginda, Foru Aldundiko Sustapen Ekonomikoko sailarekin batera, zuntz optikoaren zabaltzea gauzatzeko pausoak ematea.
  2. Altzolako hilerrian eskudela ipintzea, luze jota hiru hilabeteko epean.
  3. Udal gobernuak, premiaz eta gehienez ere 15 eguneko epean, tramita dezala URA Agentziaren aurrean Deba ibai bazterreko petrila konpontzeko eskaera.
  4. Gipuzkoako Foru Aldundiarekin harremanetan jartzea, zarataren maparen kronograma zein den jakiteko, eta bizilagunen kezka Aldundiarenganaino ailegatzeko, gehienez ere 15 eguneko epean.

Elgoibarko EH Bilduk adierazi du legealdi honetan lehen aldiz lortu dutela Udalak hainbat konpromiso hartzea. "Elgoibartarren bizi kalitatean eragina izango duten hainbat konpromiso hartu ditu Udal Gobernuak EH Bilduren ekimenez. Konpromiso horiek biltzen dituen bi mozio aurrera ateratzea lortu delako azken osoko bilkuran. Erantzukizunean oinarritutako oposizio eraikitzailea egiteko konpromisoa hartu zuen EH Bilduk, elgoibartarren beharretara egokitutakoa. Orain emandako urratsek erakusten dute gure lanak eragin zuzena daukala elgoibartarren bizi baldintzetan", adierazi du EH Bilduk prentsa ohar bidez. Hemen osorik.