Baserri-bideak garbitzen dihardu Mendaroko Udalak

Iraia Agirrezabala 2020ko ots. 10a, 13:50

Mendaroko Udala baserri-bideak garbitu eta mantentzeko plangintza bat lantzen ari da eta Arnoaterako bide nagusian egin dituzte lehen lanak. Era berean, udal agintariek aurreratu dute legealdi honetan zehar zabalduko dela baserri guztietara interneterako sarrera konexio ultra azkarra.

 Mendaroko Udalak jakinarazi duenez, baserritarrekin hainbat bilera eduki dituzte, eta egin beharreko lanen bilduma bat osatu dute, lehentasun mailak zehaztuz. Egin beharreko lehen lana ere adostu zuten, Arnoaterako bide nagusia konpontzea. “Abenduan izandako luiziak, bide oinarririk gabe utzi zuen errepidea, eta bide nagusi horretan dagoen trafikoa kontuan izanda, presazkoa izan da harri lubeta egin eta bidea gogortzea” adierazi du Mendaroko alkate Iñaki Arregik Arnoate bidean ein dituzten lanen inguruan. Jausitako lurrak kendu, harri lubeta eraiki hormigoizko oinarriaren gainean eta erasandako bide zatian hormigoia bota zuten urtarrilaren 13tik 21era bitartean egin zituzten lanetan.
Arnoate bideko lanez gainera, baserri bideetako kunetak garbitu ditu Udalak Debemenekin elkarlanean. “Aurten, gainera, errepide bazterrak eta kunetak era sakonagoan garbitu ditugu” nabarmendu du alkateak.
Iñaki Arregiren hitzetan, Mendaro guztiok osatzen dugu, eta "guztiok batera" egin behar dugu aurrera: herriguneko herritarrak, baina baita baserrietan bizi direnak ere. "Herri oreka dugu jomuga. Gertu egon behar dugu eta herritar guztiek gertu sentitu behar dituzte Mendaron Udalak zein beste erakundeek eskaintzen dituzten zerbitzuak. Landa eremuaren garapena ezinbesteko da, bertan bizitza mantendu eta aukera berri erakargarriak eskaintzeko. Landa eremuko biztanle gehienek hiriguneetan bizi diren pertsonek dituzten bizitzeko eta lan egiteko baldintza berak izatea bilatu nahi da, hiriguneen mailako zerbitzu eta ongizatea sustatuz, eta landa ingurunea erakargarri izan dadin, biztanlegoari eutsiz” azaldu du Arregik.

2020 02 10 arnoate mendaro debabarrenaturismo

 • Banda ultra azkarra baserrietara

Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatzen duen LandaGipuzkoa+ programaren bitartez, lurralde osoan zehar hedatu nahi da internetera kalitatezko sarbidea. Baita Mendaroko baserri guztietan ere. Hori horrela, Udalak jada igorri du baserri guztietara zerbitzuaren berri ematen duen eskuorria eta Iñaki Arregi alkateak Foru Aldundiaren lan saio ugaritan hartu du parte. Zerbitzua zabalkunde fasean da egun, eta daletik zehaztu dutenez, legealdi honetan zehar zabalduko da Mendaroko baserri guztietara.
Banda zabal ultra azkarraren onuren artean, interneterako sarrera konexio ultra azkarra (300 mega segundoko), telebistaren definizio altua eta bideozaintza zerbitzua nabarmendu daitezke. Azken horrek, bakarrik bizi eta arreta berezia behar duten pertsonak zaindu ahal izatea ahalbidetzen du, hirugarren adinekoak edo desgaitasun bat duten pertsonen kasuan esaterako. Bestalde, azienda urrutitik zaindu, urrutitik lan egin edo urrutitik gune ezberdinak zaindu ahal izatea ere ahalbidetzen die nekazariei. "Aurrerapen esanguratsu horiei esker, orain arte populazio handieneko inguru eta landa eremuaren artean egondako eten digitala desagertzen hasi da.
Gainera, konexioak ahalbidetzen du operadoreak etorkizunean eskaini ditzakeen zerbitzu berrien bilakaerari euskarria ematea, hala nola multimedia zerbitzu berriak. Gipuzkoako banda zabal ultra azkarraren zabalkundea aitzindaria da Europan eta proportzionalki Alemania, Frantzia, Erresuma Batua eta Italia baino aurrerago kokatzen da lurraldea dagoeneko", azaldu dute arduradunek. Informazio osoagoa: gipuzkoa.eus