Igerileku berrian irisgarritasuna bermatzeko arrapala jartzea aztertzeko eskatu du EH Bilduk

Barren.eus 2020ko urt. 24a, 08:53

 

Mugikortasun arazoak dituzten pertsonei laguntzeko, igerileku berrian arrapala bat jartzea eskatu du EH Bilduk, Elgoibarko Udala lantzen ari den proiektuan irisgarritasuna bermatzeko elementu nahikorik ez dela jasotzen baitio Elgoibarko ezker subiranistak. Era berean, proiektua geratzea eskatu dute, arrapala jartzeak igerileku berriaren proiektuan izan dezakeen eraginagatik, eta arazo honi konponbidea bilatzen zaion bitartean.

EH Bilduk jakinarazi duenez, eguaztenean egin zen Lurraldetasun Batzordean aurkeztu zituen aipaturiko proposamen horiek. Horrekin batera, kaltetutako pertsonekin lehenbailehen harremanetan jartzeko eskatu zion Udalari, denen artean konponbiderik eraginkorrena bilatzeko. Hurrengo Lurraldetasun Batzordera irisgarritasun arazoei irtenbidea emango dien proposamena ekartzeko mahai gaineratu zuen EH Bilduk.