Udalak jakinarazi du, ondo bidean, astelehenean zabalduko dutela konpontzen aritu diren anbulatorio aurreko igogailua.
Udaletik esan dutenez, igogailua konpontzen ari den enpresak arazo dexente aurkitu ditu eraberritze lanei ekitean, eta horregatik, uste baino gehiago luzatu da obra. Kabina ia prest dago eta egun hauetan zenbait polea eta konexio konponduko dituzte. Elgoibarko Udalak barkamena eskatzen die herritarrei igogailuanren zabaltze-epea uste baino gehiago luzatu delako eta honek eragin dituen eragozpenengatik.
Bernardo Ezenarro kaleko igogailua sarritan matxuratu da azken hilabeteetan, eta arazo horiek behin betiko konpontzeko obrak hasi zituzten joan den urriaren 28an. Thyssen Krupp enpresa ari da arduratzen igogailuaren kabina eta estribua aldatzeko lanetaz.
Anbulatorioaren parean kokatuta dagoen igogailu publiko honek erabilera handia du. Udaletik emandako datuen arabera, egunero, 1.000 bidaia egiten ditu batez beste. Igogailu honek bandalismo erasoak jasan dituela ere jakitera eman zuen Udalak, konponketa lanak hasterakoan. Azken erasoa San Bartolome jaietan eduki zuela argitu zuten. Horregatik, Udalak igogailuaren erabilera egokia egiteko eskatu die herritarrei. Mantenua Udalaren ardura izan arren, erabilera egokia erabiltzaile guztion ardura dela gaineratu dute.