Etxebarria eta Bixuete artean zubi berria eraikitzeko tramiteei ekin die Mendaroko Udalak

Barren.eus 2019ko abe. 12a, 15:47



EAJk hauteskunde-programan jaso zuen zubi berria egiteko asmoa eta orduan esandakoa berretsi du orain alkateak: "Gaur egun zubi bakarra dago industrialdea, ospitala eta Mendaroko hainbat auzotarako. Gainera, oso estua da, eta hainbat arazo ematen ditu, batez ere kamioiak, trailerrak, autobusak... gurutzatzen direnean. Zubi horretan zerbait gertatu eta moztu beharko balitz, mendaroarrak inkomunikatuta geldituko ginateke", zabaldu du Udalak, Komunikaziorako arduradunaren bidez. Ohar berean dio Mendaroren komunikazio-sareak hobetu nahi dituztela, "herritarrek behar dituzten azpiegiturak eskaini eta herriaren garapen sozial eta ekonomikoa bultzatzeko".

Udalak 2020an garatu eta onartu nahi du proiektua, lanekin urte berean hasteko. Proiektua "garapen-fasean" dagoela zabaldu dute eta gai honetan eskumena duten erakunde ezberdinekin (tartean, Jaurlaritza, Ura Agentzia, eta Gipuzkoako Foru Aldundia) biltzekoak direla aurreratu dute. Era berean, alkateak zehaztu du zubia bi zutabekoa izango dela eta ahalik eta azkarren eraiki ahal izateko eta ekonomikoki zein teknikoki eraginkorragoak izateko, bai zutabeak eta baita errepidera lotzeko bigak ere aurrez sortuak izango direla. Zubira biribilgune batetik sartuko litzateke, Plaza auzo aldetik.