Kalegoen 4ko eraikina erortzean izan ziren kalterik larrienak konpontzeko azken lanak hasi ditu Udalak

Barren.eus 2019ko urr. 9a, 13:51

Atzo hasi zituzten kalte larrienak konpontzeko azken lanak. Era berean, Udalak jakinarazi du "ezbeharraren arrazoi zehatzak" argitzeko lanean diharduela.

 Kalegoen plazako 4. zenbakian dagoen eraikinaren atzeko horma erori zen ekainaren 28an, eta Elgoibarko Udalak salbuespenezko hainbat neurri hartu zituen bizilagunen segurtasuna bermatzeko eta baita kultura, historia eta arte ondarearen integritatea arriskuan ez jartzeko ere. Alkateak proposatuta, 2019ko aurrekontuetan 300.000 euroko premiazko partida bat onartu zuen Udalak uztailean egin zuten osoko bilkuran, etxe zatia jausi izanak eragindako gastuei aurre egiteko. Uztailean eta abuztuan egin zituzten aurrez aipaturiko lan horiek. Harrez gero, Udaleko zerbitzu teknikoak txosten bat egin du eraikin kaltetuei buruz, eta hor jasotako informazioa aintzat hartuta, atzo hasi zituzten kalte larrienak konpontzeko azken lanak.

2019 10 10 kalegoen4 etxezatia erori konponketak elgoibar

Hasieran hartutako neurrien eraginkortasuna bermatzeko lanak egingo dituzte, beraz, datozen asteetan eta horrekin bukatutzat emango dituzte larrialdi-lanak. Ane Beitia alkateak esan du gertaeraren lehenengo minututik kaltetutako atarietako bizilagunen segurtasuna bermatzea, eta emandako pauso guztien berri auzotarrei ematea, izan dela Udalaren lehentasuna. Oraindik "ezbeharraren arrazoi zehatzak" argitzeko lanean dihardu Udalak, eta bizilagunei laguntza eskaintzen jarraitzeko konpromisoa eta bizilagunekin berba egiten jarraitzeko borondatea erakutsi du. Alkateak esan du bizilagunei eman dietela datozen asteetan egingo dituzten lan guztien berri.
Honako dira datozen asteetan egingo dituzten lanak:

  1. Hormigoizko zimentu edo zola bat egingo dute, eta zuntzak jarriko dituzte San Bartolome kaleko 1 zenbakiko orubean dagoen zolan, inguruko eraikinetako lurrazpian dauden harri txintxorrak eta betetze materiala ez garbitzeko. Zolata hori behar adinako materialarekin egingo da, isurtzen diren urak herri bideko hustubideetarantz bideratzeko.
  2. Kalegoen 4ko mehelin guztian behin-behineko itxitura bat egingo dute, eraikina haizeagandik babesteko.
  3. Behar adina lekuko jarriko dituzte San Bartolome 3 zenbakian dagoen eraikinaren barrualdean eta kanpoaldean, egituran egon daitezkeen mugimenduen balizko jarraipena egiteko.
  4. Kaltetutako gunearen itxitura perimetrala osatzeko, ate bat jarriko dute, karkabatik eroritako gunerako pasabidea mugatzeko.

 ∞Lotura duten albisteak: