Amenabar enpresak egingo ditu kiroldegi berriko obrak

Barren.eus 2019ko mai. 24a, 07:33

Eguen arratsaldean eginiko Osoko Bilkuran, legegintzaldiko azkenengoan, esleitu zitzaizkion kiroldegi berriaren obrak Construcciones Amenabar S.A. enpresari, 2.881.142,40 (BEZ kanpo) euroren truke. Era berean, Elgoibako Udalaren mailegua amortizatzea erabaki du Osoko Bilkurak. 

Elgoibarko Udalak jakinarazi du lehiaketa publikora aurkeztu diren bost proposamenen artean Construcciones Amenabar S.A. enpresa gipuzkoarrarenak eskaintzan zuela kalitate-prezio harreman hoberena. 

Kiroldegi berriaren obrak irailean hasiko dira, eta ondo bidean, hamalau hilabeteko epean amaituko dituzte lanak. Kiroldegiko obrari esker sortuko den igerileku berriak 25 metroko luzera eta 16,5 metroko zabalera izango ditu. Zortzi kale izango ditu, bakoitza bi metroko zabalerakoa. Era berean, dauden aldagelak berrituko dituzte, eta aldagela berriak egin. Kiroldegi ingurua ere berrantolatuko dute, eta zabalpen berriaren gainean aparkalekuak sortuko dituzte. 

Proiektu berri honek aukera emango dio Elgoibarko Udalari egungo igerilekuen eta kiroldegiaren beraren berrantolaketa burutzeko. Elgoibarren 18 kirol elkarte daude une honetan, eta 300 erabiltzaile baino gehiago daude izena emanda. Udal instalazioek 3.500 abonatu gehiago dituzte, eta urtean 100.000 erabilpen baino gehiago egiten dituzte.

  Udalaren mailegua amortizatzea erabaki du Osoko Bilkurak 

Gaur egun Elgoibarko Udalak mailegu bakar bat du indarrean Kutxabankekin. 2010ean kontratatu zuten: 250.000 euro, 10 urtean ordaintzeko. Hasierako egutegia errespetatuz, 2020ko abenduan kantzelatuko litzateke. Momentu honetan, maiatzean, zor bizia 51.173,21 eurokoa da, eta Osoko Bilkurak kreditu hori amortizatu eta kantzelatzea erabaki du, hainbat irizpide kontuan hartuta: Batetik, Udalaren egoera ekonomikoa osasuntsua dela eta une honetan kopuru hori “eramangarria” dela, eta bestetik, 2018ko itxiera ona izan dela eta gainera, ez dagoela penalizazio edo komisiorik kreditua kantzelatzeagatik, 2019ko aurrekontuetan 1,1 milioiko aurrezkia aurreikusi dute. 

∞Lotura duten albisteak: